Atzo hasi zen bien eta beste zortzi euskal herritarren epaiketa. Mikel Negrete, Joxe Ramon Arrano, Juan Kruz Maiza Artola eta Peio Alcantarilla preso politikoak eta kontrol judizial pean diren Lurdes Urdanpilleta, Robert Arranbide, Miriam Inzabi eta Xabi Oxarano. Maiza Artola izan ezik, guztiak 2004ko urriaren 4an Ipar Euskal Herrian eta Biarnon egin sarekadan atxilotu zituzten.
«Ez gara terroristak, bakea nahi dugu, Euskal Estatua sortu nahi dugu» erranez Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponketaren aldeko deia berretsi zuen. Albisu Iriartek bere aldetik zehaztera eman zuen ez dutela haien aukera politikoa «inori inposatu nahi»baina gehiengoak hori nahi baldin badu « gauzatu beharko dela». Albisu Iriartek zuen lehenik hitza hartu, oroitarazteko zergatik eta zer helbururekin sortu zen ETA. «Egin hutsez kontziente» izanik ere, «harro» direla argi utzi zuen.
Epaiketaren lehen eguna mezuz eta sentimenduz kargatua izan zen. Presondegiaren paretek bereizten dituzten hainbat bikote zirelako auzitegian atzeman, elkarri muxu eta karesa txikiak egiteko aukera laburraz gozatuz eta senide, lagun eta auzipetuen artean urrundik irri, keinu eta muxu andana trukatzeko eguna izan zelako. Funtsean, txalo zaparrada, irrintzi eta Eusko gudariak gara kantatuz bukatu zen goizeko saioa. Hain zuzen, Marta, Negreteren emazte zenaren heriotza eta «emakume horrek emandako guztia» gogoratzeko Iparragirrek galdatu isiltasun minutua Philippe Vandingenen epaileak errefusaturik, horrela erantzun zieten euskaldunek.
Alcantarillak jasan torturaz
Jean François Blanco abokatuak, Alcantarillak jasan torturak gogora ekarri zituen. Oroit gara, nahiz Ipar Euskal Herrian bizi, Burgosen lanean ari zela atxilotu zuela Guardia Zibilak eta bost egunez jasan tortura pean bere buruaz bertze egiten saiatu zela. Nahiz epaileak erran «atxiloketa deskribatzeko unea ez zela», «kontatu behar dizuet! Sei urte itxaron dut, orain behar dizuet aurkeztu gertatutakoa» oihukatuz, hasi zen bost egunez jasandakoa deskribatzen, jestuz jestu, erranez erran, ikaraz ikaraz, momentu guztiak gogoan dituela. «Ondorio fisikoak gogorrak izan zaizkit, baina psikologikoak dira zailenak... geroztik egunero medikamentuak hartu beharra dauzkat, klaustrofoboa naizelako».
Horrez gain, defentsaren eskubideak errespetatuak ez direlagaitzetsi zuten Antoine Conte, Robert Gastone eta Blancok. Hala nola, behin behineko espetxealdian egotea sei urtez, Frantziako Estatuak duen presoen dispertsio politika edota errugabetasun irizpidearen errespetu Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren aurkakoak direla azaldu zuten. Hori dela eta presoen askatzea eskatu zuten epaileari. Prokuradoreak, haatik, 2004an aurkitutako zuloen «larritasun ikaragarria» azpimarratuz eskaera horien errefusatzearen alde agertu da.
Epaiketak abenduaren 17a arte iraun behar luke.
Jean François Blanco.Peio Alcantarillaren abokatua
«Frantzia gatazkaren iturrietako bat da, eta erantzukizuna du konponbidean»
J. B. ParisAtxiloketak egin eta sei urtera egiten ari dira epaiketa. Blancoren iritziz, tortura dago salaketen oinarrian, eta ezin da hori onartu.
Oro har, nola sentitzen duzu epaiketa?
Auzi garrantzitsua da, eta Euskal Herriari begira, une historiko batean gertatzen ari da.Egiaren auzia ere izan behar du, torturaren gainean oinarrituta dagoelako. Auzitegian entzun dugunak epaiketaren nondik norakoak erakutsi ditu. Ikusi dugu nola erantzun nahi izan dioten arazo politiko bati errepresioaren ikuspegitik. Orain bake proposamen bat dago mahai gainean, eta espero dut epaiketa hau Euskal Herriarentzat justizia eta bakea ekarri nahi duen bidean kokatzea.
Auzia torturan oinarritzen dela erran duzu. Hori salatzea duzu helburu?
2004ko urriaren 3an atxilotu zuten Alcantarilla, Burgosen, Espainian. Bost egunez torturaren esku gelditu zen. Bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta erietxera eraman behar izan zuten. Torturapean egin zituen gaur egun leporatzen dizkioten aitortzak. Frantziak onartuko ditu torturapean lortutako informazioetan oinarritzea norbait epaitzeko? Hori da galdera.
Auzipetuen eskubideak errespetaturik daude epaiketan?
Sei urtez behin-behineko espetxe zigorra betetzen atxiki dituzte, etxetik ehunka kilometrotara, familiengandik urruti. Epaiketa hasi aitzin horrelako zigor dorpea pairatzea ez da onargarria.
ETAko kide direla aitortu dute hainbatek epaiketan. Prozesu demokratiko bat abiatzeko borondatea agertu du ETAk. Mezu hori agertuko da epaiketan?
Gaur presoek irakurri duten deklarazioak tokia ukanen du Euskal Herriaren historian. Egiazko bake eskaintza da. ETA sortu zeneko baldintza historikoak gogoratu dituzte. Orri hori itzuli ahal izateko bi aldeen borondatea agertu beharko da. Auzipetuek onartu dute haien aldetik ere okerrak egon direla. Bake prozesuaren oinarrian dago ETA, baina bakearekin batera justizia ere behar da.
Frantzia gatazka horretako alde bat da?
Zalantzarik gabe Frantzia gatazka honen iturrietako bat da, eta erantzukizuna du horren konponbidean, bake prozesua aitzinatzeko borondatea erakutsiz.Frantziaren erantzuna ezin da errepresiora mugatu.