Atentatua

ETAk 'El Correo'-ri eraso diola salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Zamudion

Euskal Kazetarien Elkarteak antolatu du Bilbokoa. Zamudiokoa, berriz, Udalak. Bost kilo amonalez osatutako bonba zartarazi zuen atzo goizaldean ETAk =l El Correo==http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/=l-ren errotatiban, Zamudion (Bizkaia). Lehertu zenean 50 bat langile beharrean ari ziren arren, ez zen inor zauritu. Kalte material handiak eragin ditu eztandak.

2008ko ekainaren 9a
18:23
Entzun
ETAk El Correo egunkariaren kontra egindako atentatua gaitzesteko bi elkarretaratze egin dituzte gaur: eguerdiko hamabietan Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean protesta egitera deitu du Euskal Kazetarien Elkarteak, eta deialdi horrekin bat egin du El Correo-ko langile batzordeak.

Dozenaka kazetari eta komunikabideetako behargin batu dira han, eta bertan egon dira, besteak beste, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Josu Erkoreka EAJko Madrilgo parlamentaria, Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiako presidentea, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia, Leopoldo Barreda PPko eusko legebiltzarkidea, Unai Ziarreta EAko presidentea, Rafa Larreina EAko zuzendaritzako kidea eta legebiltzarkidea, Julia Madrazo EBko Bilboko zinegotzia eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria.

Lucia Odriozola Kazetarien Elkarteko ordezkariek adierazi du "bizitzaren eskubidearen alde eta adierazpen askatasunaren defentsan" segituko dutela, "inolako zentsurarik eta presiorik onartu gabe". "Xantaiaren" aurrean ez dutela etsiko azpimarratu dute.

Atentatua Zamudion (Bizkaia) izan dela-eta, hamabietan bertan beste elkarretaratze bat antolatu du herri horretako Udalak. Ordezkari publikoez gain, ehunen bat herritar bildu dira. "Euskadi herri plurala da, pentsamendu, iritzi eta informazio askatasuna dago, baina ETAk berriro erakutsi du ez dakiela hori ulertzen. Gizartearen ahoa ixten saiatu da ETA", salatu du Sorkunde Aiartza alkateak. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ere han izan da. "ETAk ez gaitu isilduko", esan du. Udalak, aurrez, ezohiko udalbatzarrean ahobatez gaitzestu du atentatua.

Atzo goizaldeko hirurak inguruan lehergailua zartarazi zuten El Correo-ren errotatiban, Zamudion. Inork ez zuen abisurik eman. Une horretan 50 bat lagun ari ziren lanean errotatiban, baina inor ez zen zauritu. Kalte materialak, berriz, handiak dira. Lehergailuak bost kilo amonal zituela jakinarazi du gaur Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.

Nolanahi ere, leherketari aurre egin eta berriro egunkaria inprimatzea erabaki zuten El Correo-ko arduradun eta langileek, eta normalean baino beranduago izan arren, kazeta kaleratzea lortu zuten. Hain zuzen ere, ez dituztela "isilduko" azpimarratu zuten atzoko editorialean. Lanean "normaltasunez" ari direla esan du gaur Juan Carlos Martinez egunkariko zuzendariak.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Espainiako Barne Ministerioak eta egunkariak berak ETAri egotzi diote erasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.