Batasunaren ustez prozesua ez dela amaitu berretsi du Arnaldo Otegi mahaikideak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Areago, prozesua beste aukerarik ez dagoela nabarmendu du berriro ere, eta lehenago edo geroago hartu beharreko bidea dela.
Prozesuari eusteko baliagarri diren elementuen artean, ETAk su-eten iraunkorrari eusten diola berretsi izana nabarmendu du, eta hori oso faktore garrantzitsua dela. Hala ere, zenbait sektore politikok ETAren erabaki hor berariaz ezkutatu eta gutxietsi duela erantsi du, prozesuaren aurka joaterren. Baina, era berean, onartu du ETAren azken agirian su-eten iraunkorrari eusteaz gain "erantzuteko erabakitasun osoa" zuela agertu izanak "nahasmena" sortu duela su-etenaren inguruan: "Badira hainbat sektore zintzotasunez planteatu digutenak horrek nahasmena sortzen duela".
Areago, horren inguruan gogoeta egiteko prest agertu da Batasuneko buruzagia. "Badira sektore batzuk su-eten iraunkorraren berrespena era maltzur batean ezkutatzen dutenak. Baina egia da, baita ere, eta horrela onartu behar dugu ezker abertzaletik, badirela zenbait sektore zintzotasunez esan digutenak erantzunaren ildo hori irekita mantentzeak sienesgarritasuna kentzen diola su-etenari. Nik uste dut ezker abertzaleak horren inguruan gogoeta egin behar duela".
Prozesuak aurrera egin dezan bi baldintza bete behar direla erantsi du: batetik, eduki politikoak jorratzea "euskal herritarren gehiengoaren nahiari irtenbide demokratiko bat emateko"; bestetik, eztabaida hori inongo indarkeriarik gabeko giroan egitea. Prozesuan aurrera egiteko urratsak egiteko prest daudela esan du berriro ere Otegik.
ETAk erantzuteko aukera gorde izanaz ezker abertzaleak gogoeta egin behar duela uste du Otegik
Zenbait sektorek horren inguruan egindako kritikak -besteak beste, su-etenaren sinesgarritasun galerari buruzkoak- "zintzoak" direla esan du Batasuneko buruzagiak, eta aztertzeko prest agertu da. Nolanahi ere, ETAk su-eten iraunkorrari eusten diola eta hori dela garrantzitsuena azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu