KONPONBIDEARI BEGIRA

ETAk esan du sentitzen duela bere jardunak eragindako kaltea

Hamar lagun epaitzen ari dira gaur Parisen, eta "konponbidearen aldeko mezua" helarazi nahi izan dute. Epaiketan, adierazpen bat irakurri du Garikoitz Aspiazuk ETAren izenean. "Etsaiari aurre egiteko erakutsi dugun ausardia eta erabakitasunarekin jardungo dugu konponbide prozesua bururaino eramateko", esan du.

2013ko otsailaren 18a
18:17
Entzun

Frantziako Justizia Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi, Mikel Carrera, Oihan Barandalla, Alaitz Aramendi, Ande Mujika, Luis Ignacio Iruretagoiena, Aitzol Etxaburu eta Itziar Plaza epaitzen ari da gaur Parisen. Epaiketa baliatu dute auzipetuek, ETAren izenean adierazpen bat egiteko.

Naiz.info-k eman du adierazpenaren berri. Aspiazuk irakurri du. Epaitutako ekintzen ardura hartu dute auzipetuek, eta Europako Batasunari Bakearen Nobel saria eman ziotenean Manuel Durao Barrosok eta Herman Van Rompuyk eginiko adierazpenak ekarri dituzte gogora: "Hobe izango da mahai baten inguruan eztabaidatzea, gudu zelaian baino". Aspiazuk oroitarazi du hitz horiek ontzat jo zituztela Espainiak eta Frantziak.

"Luzaroan borrokatu gara gudu zelaian; denbora gehiegiz, sufrimendu gehiegi", esan du Aspiazuk. Nabarmendu du armak uzteko ETAren erabakia egiazkoa dela eta "garrantzitsuena", euskal herritarren nahiei erantzuten diela. Gainera, hitzeman dute "etsaiari aurre egiten" erabilitako bezainbesteko indarra jarriko duela bake prozesuan: "Etsaiari aurre egiteko erakutsi dugun ausardia eta erabakitasunarekin jardungo dugu konponbide prozesua bururaino eramateko". ETAk ohartarazi du gatazkaren arrazoiei erreparatu behar zaiela, baina gaineratu du herritarrei eta eragileei dagokiela alor horretan akordioak lortzen saiatzea.

Zauri asko sakonak eta mingarriak direla eta oraindik ixteko daudela aitortu du ETAk, baina erantsi du denen ardura dela horiek osatzea: "Zauri asko ixteke daude, eta denon erantzukizuna da sendatzeko ahalegina egitea". Egitekoak ziren eraso baten harira epaitzen ari dira ETAko kideak, eta Orioko familia bati autoa lapurtu zioten eraso hori prestatzeko. "Eragin ahal izan zaien kaltea sentitzen duela esan nahi die ETAk Orioko herritar hauei. Hitzok zabal daitezke, hauek bezala, gatazkan inolako ardurarik izan gabe, ETAren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren
herritar guztiei", amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.