Atzo gauean gara.net-en plazaratutako oharraren arabera, ETAk dio Jon Anza (Donostia, 47 urte) euskal militantearen desagerpenaren ardura Espainiako eta Frantziako gobernuek daukatela. Anzaren senideek apirilaren 18tik ez dute haren berririk, eta lehengo astean desagerpena salatu zuten Baionako Auzitegian -prokutadoreak ikerketari ekin dio-.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur ETB2n adierazi du ETAk gezurra dioela. "Dudan informazioaren arabera, akusazio hori erabat faltsua da". Ares (PSE-EE) apirilaren 18an artean ez zen Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu, Javier Balza (EAJ) baizik; duela bi aste hartu zuen kargu hori PSE-EEko kideak.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren ustez, berriz, "asmakeria" da ETAk esan duena.
Erakunde armatuak argitu du Anza etakidea dela, eta poliziak hori bazekiela duela hilabete batzuetatik. "2009ko hastapen horretan Jonek mendi zulo batean zuen Erakundearen material informatikoa aurkitu zuen Poliziak, bere hatz markekin. Ez zuen poliziaren salaketarik jaso. Poliziak gertaera hau ezkutatu zuen baina honen ondorioz ETArekin harremana zuela ezagutu zuen".
Neska-lagunak lagundu zion treneraino
ETAk jakinarazi du apirilaren 18 hartarako Anzarekin hitzordua egina zeukala Tolosan (Okzitania), baina hau ez zela agertu. "Hitzordu honetara etortzeko trena hartu zuen Baionan. Jonek soinean Erakundearentzat zen diru kopuru bat zekarren. Bere neska lagunak tren barruraino lagundu zuen. Beraz, trena hartu zuela zalantzarik gabe baieztatu daiteke. Bere neska laguna izan da Jon ikusi zuen azken konfiantzazko laguna", dio erakundeak oharrean.
Horrek "Pertur, Naparra eta Popo Larreren desagerpenetara eramaten gaitu ezinbestean", esan du ETAk. "Hilabetez desagertuta eman ondoren Jon bizirik dagoen esperantza urtzen da. Arestiko aurrekariak eta datuak kontuan hartuta Jonen desagerpenaren atzean, GALen garaietan bezalaxe, Espainiako poliziak eta Frantziako kolaborazionismoa daudela zalantzarik ez dugu. (...) Gerla zikina, PSOEren dotrina! Espainia eta Frantzia hiltzaileak!".
Donostiarrak 21 egin zituen preso Espainiako Estatuko kartzeletan, eta duela sei urtetik Ahetzen (Lapurdi) bizi zen. Urte hasieratik minbizia duela-eta, apirilaren 24an Baionan medikuarengana joan behar zuen. Ez zen agertu.
Politika
ETAk Espainiari eta Frantziari leporatu die Jon Anza militantearen desagerpena
Erakundeak dio apirilaren 18tik desagertuta dagoen laguna etakidea dela eta egun hartarako berekin hitzordua jarrita zeukala Tolosan (Okzitania). "Desagerpenaren atzean, GALen garaietan bezalaxe, Espainiako poliziak eta Frantziako kolaborazionismoa daudela zalantzarik ez dugu". Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak "akusazioa erabat faltsua" dela esan du eta Espainiako Barne ministroak "asmakeria" dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu