Politika

ETAk hildako Joseba Pagazaurtunduari Merituaren Domina ematea erabaki du Andoaingo Udalak

Iazko otsailaren 8an ETAk hil zuen Joseba Pagazaurtundua Andoaingo (Gipuzkoa) udaltzainburuari Merituaren Domina ematea erabaki du herri horretako Udalak. Gobernu taldea osatzen duten PSE-EEk eta PPk, zein EB-IUk bozkatu dute proposamenaren alde. EAJ-EAko zinegotziek, berriz, aurka. Koalizio abertzaleko ordezkariek azaldu dutenez, PSE-EEk eta PPk erabakia hartzeko garaian ez dituztelako kontuan hartu eman dute kontrako botoa. Maite Pagazaurtundua Aski Da! erakundeko buruzagi eta Joseba Pagazaurtundua zenaren arrebak gogor kritikatu du EAJ-EAren jarrera.

2004ko otsailaren 5a
15:03
Entzun
Mikel Arregi Andoaingo EAJ-EAko udak taldeko bozeramaileak eman ditu kontrako botoaren arrazoiak. Agertu duenez, berez ez zuten eragozpenik Pagazaurtundua zenari domina emateko; aitzitik, hark Andoainen udaltzainburu gisa egindako lana goraipatu du. Baina, era berean, zehaztu du PSE-EEk eta PPk beran kabuz erabaki dutela guztia: bai domina ematea, bai Pagazaurtunduari egin beharreko omenaldiaren nondik norakoak, EAJ-EAri ezertxo ere kontsultatu gabe, eta horregatik bozkatu dutela kontra.

Ildo horretatik, erantsi du Andoainen arazo larria dutela, hain zuzen ere, EAJ-EA koalizioa udal hauteskundeetan aukerarik bozkatuena izan zen arren, PSE-EEk eta PPk gai guztietan erabakietatik kanpo lagatzen dituztela.

Maite Pagazaurtundua Urnietako (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi, Aski Da! erakundeko kide eta Joseba Pagazaurtundua zenaren arrebak gogor kritikatu du EAJ-EAren jarrera. Esan du koalizio hori ez dela sufritzen ari denarekiko gutxieneko eskuzabaltasunez jokatzeko gai. "Beren harrokeria eta handikeria eskuzabaltasunaren gainetik jartzen dute. Keinu txikiena egiteko ere ez dira gai izan, ezta familia bati goiz errukitsuagoa iraganarazteko ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.