Azken hilabeteetako errepasoa egin du ETAk oharrean, 'Naiz.info'-k jakinarazi duenez, eta zenbait konpromiso hartuko dituela aurreratu du. Bake prozesua indartzeko "ekarpenak" egiteaz gain, Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordearekin harremanetan jarriko dela iragarri du erakunde armatuak.
Horrekin batera, konponbidean aurrera egiteko behar diren elkarrizketa eta negoziazioetan parte hartzeko prest agertu da, oharrean dioenez, bere ikuspuntua eskaini eta "elkarrizketaren agendan ETAri zuzenean dagozkion gaiak" sartzeko.
Gara egunkariak bihar argitaratuko du ETAren oharra informazio gehiagorekin. Azken hilabeteen azterketan nabarmendu du ETAk estatuen blokeoaren aurrean aurrerapausoak emateko aukerak sortu direla, eta hor kokatzen ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egindako urratsa, urtarrilaren 11ko manifestazioa eta Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordearen sorrera bera ere.
Naiz.info-k aurreratu du EPPKren bitartekarien kontrako operazioaz eta Iñigo Urkullu lehendakariaren posizioaz ere mintzatu dela ETA. Arkaitz Bellonen heriotzaren aurrekoa dela ere adierazi du.