ETAk jarduera armatua laga nahi ez izateko aukera asko daudela uste du Urkulluk

Erakunde armatuari buruz hitz egin behar dela uste du Gabilondok, baina arduraz egin behar dela

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
ETAk jarduera armatua uzteko asmorik ez izateko aukera asko daudela uste du Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak, eta bere alderdia «susmo» horrekin lanean ari dela adierazi du. «Ez da erraza 51 urtean sufrimendua, mina eta heriotza sortzen aritu ostean, ezer lortu gabe pertsiana jaistea», esan zuen atzo, RNE irratian egin zioten elkarrizketan.

Borroka armatua uztea besterik ez dio eskatzen ETAri, EAJren buruak, baina, oraintxe bertan gakoa ez dagoela erakunde armatuan uste du, baizik eta ezker abertzalean dagoela: «Hark badaki zein urrats egin behar dituen politikan aritu nahi badu».

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari buruz ere hitz egin zuen, eta azaldu zuen seguru dagoela Zapaterok badakiela «Euskadin arazo politiko bat dagoela Espainiarekiko harremanaren inguruan».

ETAri buruz, «garbitasunez»

Angel Gabilondo Espainiako Hezkuntza ministroaren iritzian, ETAri buruz hitz egin behar da publikoki ere, baina hori «ardura handiz, neurriz eta garbitasunez» egin behar dela gaineratu du. Haren iritzian, garrantzitsua da itxaropenik ez sortzea, eta daten dantzan ez hastea.

ETAri buruz hitz egitea baino isiltzea komenigarriagoa ez ote den galdetuta egin dituHezkuntza ministroak adierazpen horiek, RNE irratian. Haren ustez, garrantzitsuena da jakitea zein mezu eman behar den. Esan duenez, bi mezu eman behar dira: «ETAk behin betiko utz ditzala armak, eta ETAren inguruak erabat bazterrera utz dezala ETA -alegia, epai judizialen arabera ETAren gertukoak diren haiek-».

Gabilondoren iritzian, erakunde armatuak eta haren inguruak konpondu behar dute «arazoa». Hori egitea lortzen badute, gizartea jakinaren gainean jartzea izango litzateke hurrengo pausoa. «Konpon dezatela arazo hori, oso larria baita. Eta, hortik aurrera, espainiako herritar guztiok, denon artean, hartu beharreko neurriak hartuko ditugu».

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren iritzian, berriz, «atzera bueltarik gabeko» bidea da bakeranzkoa. «ETAk badaki ezin dituela galarazi edo atzeratu bake prozesuko aurrerapausoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.