KONPONBIDEARI BEGIRA

ETAk "konpromiso berriak" iragarri ditu

Gara egunkarian argitaratutako ohar batean azaldu duenez, urriaren 12an Poliziak atzemandako armak zigilatze prozesutik kanpo zituen.

Iazko maiatzean Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak Miarritzen egindako operazioa; ETAren arma biltegi bat atzeman zutela zabaldu zuten. BOB EDME
2016ko urriaren 28a
10:27
Entzun

Urriaren 12an atzeman zuten armategi bat Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak, eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroak adierazi zuen dozenaka arma topatu zituztela han. ETAk, ordea, zehaztu du "denbora asko" dela erakundeko inor ez zela hara joaten: "Indar polizialek ez dute ETAren zulo bat desegin, ETAren kontra prestatutako tranpa bat baizik".

Azaldu duenez, ETA saiatu izan da kontrol segururik gabeko gordelekuei aterabide egoki bat ematen, "armagabetze prozesuaren zain egon gabe". Gainera, uste du ildo horretan mugimendurik egon zitekeela-eta azkenaldian zabaldu diren zurrumurruek "kezka" sortu dutela "garaituen eta garaileen" eskema inposatu nahi dutenen artean. Horrela, operazio horren bitartez, "hedabideetan izandako zenbait filtrazioren ondotik, mezu argia zabaldu nahi izan dute: inork ez dezala mugimendu txikiena ere egin arrazoizko soluzio bila", ETAren iritziz.

Urriaren 12ko operazioaren ondotik zabaldutako informazioak "gezurrez eta intoxikazioz beterik" daudela erantsi du, "Espainiako Barne ministroak propaganda egiten segitu nahi duelako". Halaber, "horrelako gertaeren eta jokabideen larritasunaz" ohartarazi du, "interes politikoak herritarren segurtasunaren gainetik jartzen baitira". "Sinesgaitza" iruditzen zaio Frantziako Gobernua "bere lurraldean horrela aritzea".

Bestalde, herritarrei "gobernuen arduragabekeriaz" ohartarazi die, eta mezua igorri die gatazkaren ondorioak gainditzeko eta armagabetzean laguntzeko prest dauden eragileei: "Gure konpromiso guztiak betetzen saiatuko garela eta berriak ere hartuko ditugula. ETAren hitza dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.