Poltikoen solasaldia

ETAk su-eten baterako eskaintza egiten duela berresten duela uste du Barrenak

ETAk atzo kaleratu zuen oharraz galdetuta, Pernando Barrena Batasuneko kideak uste du ETAk su-eten baterako eskaintza egiten duela. Barrenaren iritziz, Bergarako proposamenarekin ireki zen bide horrek "aukera errealak" ditu aurrera egiteko, baina aurrera egiten ez badu "aukera ikaragarri bat" galtzeko zorian egongo dela euskal gizartea, Euskadi irratiko tertulian nabarmendu duenez. Gainontzeko solaskideen esanetan, ETAren "itzalak" desagertu egin beharko luke prozesu horretatik. Bestalde, EAko Martin Aranburuk adierazi du, EAJrekin ez, baizik eta EA Aralarrekin joatea dela akordiorik balizkoena.

2004ko urtarrilaren 16a
14:20
Entzun
Barrenaren iritziz, ETAk orain hamabost egun kaleratu zuen lehen oharretik hona erreakzio batzuk egon dira, eta ETAk "bere borondatea berresten" du. "EAJk irudi ezkor bat eman du Bergarako proposamenaz hitz egitean, eta ateak itxi egin ditu", azpìmarratu du Barrenak. Halaber, Bergarako ekimenak "euskal gizartearen nahiarekin konektatzen" jakin duela nabarmendu du Batasuneko kideak, eta gainontzeko alderdiei "aukera historiko erreal hau galtzen ez uzteko" eskatu die.

EAJren EBBko kide Markel Olanok berriz, modu ezkorrean baloratu du ETAren prentsa oharra, "ETAk baldintzatu egin nahi duelako proposamen jakin bat". Olanoren ustez, ETAk ez luke protagonismorik eduki behar. "Alderdi batzuk ez dugu ikusten proposamena aurrera ateratzeko aukerarik, baina ez dugu esaten mugimendu politiko hori eman behar ez denik".

Mikel Arana EB-IUko kidearentzat ez da ezer berria izan ETAren oharra, eta mehatxu modura ikusten du, "proposamen aurrera ateratzen bada ondo, eta bestela...".Aranaren esanetan, ETAk bizitza politikoa baldintzatu nahi du.

Martin Aranburu EAko parlamentarioak alde positiboak eta negatiboak ikusten dizkio ETAren oharrari. "ETAk onartzen du alderdi politikoen koaliziorako oztopo direla, eta kualitatiboki urrats bat dago hor, politikaren aldeko apustua hor dago", azpimarratu du Aranburuk.

Ramon Etxezarreta PSE-EEko Donostiako zinegotzia berriz, zehatza izan da ETAren oharra baloratzeko garaian. "Armak dituenak ez du hitzik, eta hitzak nahi dituenak ezin du armari eduki", zehaztu du.

EAJ eta EAren arteko balizko akordioa

Martin Aranburu EAko kideari galdetu diote bere alderdiak egingo duen balizko akordioaren inguruan, eta "akordioetan dena dela posible" erantzun du, baina harrituta azaldu da azken egunetan kaleratzen ari diren hainbat informaziorekin. "Nik ez dakit eztabaida nora eraman den, orain arte, EA eta Aralarren arteko akordioa zelako balizkoena". Aranbururen esanetan, EAJrekin autodeterminazioaren aldeko blokea sortzeko aukerari ez baldin badago, Aralarrekin koalizioa egindako joateko aukerak handiak direla azpimarratu du.

Olano segituan erantzun die Aranbururen hitzei, atzo Josune Ariztondo EAJren EEBko idazkariak hitzak mahai gainean jarriz. "Gure idazkariak atzo esan zuen gure perspektibatik lehen urratsa EArekin emango dela, eta gero aukerak egongo liratekeela beste alderdie ateak irekitzeko", zehaztu du.

Arzalluzen agurra

Xabier Arzalluz urte askoan EAJren EBBko lehendakari izan denak aste honetan egin du bere azken agerraldian alderdiko buru bezala, eta solaskideei balorazio bat egiteko eskatu die moderatzaileak. Barrenaren ustez, Euskal Herriaren historia politikoko figura oso inportantea izan da Arzalluz, "bere kontraesan eta guzti, eta argi ilun askorekin". "Lizarra Garaziren sustapenean lan asko egin zuen, baina Espainiako Konstituzioaren sorrera lan ilun asko egindako ere bada", azpimarratu du Batasuneko kideak. "Tamaina eta sakonera handiko" abertzale bezala ikusten du Barrenak Arzalluz, eta "tristea" iruditzen zaio kargua nola utzi behar duen ikustea: "Nik uste dut atzeko atetik dijoala", nabarmendu du.

Ramon Etxezarretaren hitzetan, "ez dakit joango den, edota gelditzen den", eta EAJ pragmatikoari "asko zor" diola esan arren, azken urteetako Arzalluz ez duela batere gustoko izan azpimarratu du. Aranbururetzat "zaila" da horrelako ibilbide luzea izan duen pertsona baten bizitza laburbiltzea, eta "historiak bere lekuan" jarriko duela adierazi du.

Markel Olano alderdikideak berriz, Euskal Herriko historian "pisu handia" izan duen pertsona bat bezala ikuste du Arzalluz, "estadista bat izan da". "Pertsona askea izan da, bere konpromiso politikoa herri honetan mesedetan jarri duena", zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.