euskal presoak

ETAk, Uribetxebarriaren heriotzan samina agertu, eta Espainiaren "ankerkeria" salatu du

Nabarmendu du "eredu" izanen dela Josu Uribetxebarria zenaren "konpromisoa", eta Espainiaren jarrera "mendekaritik" askatzera deitu du.

Josu Uribetxebarria etxeko balkoian, bere aldeko manifestazio bat kalean zela. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
2015eko urtarrilaren 29a
11:22
Entzun

Urtarrilaren 16an hil zen Josu Uribetxebarria euskal preso ohia, minbizi baten ondorioz. Haren heriotzaren aurrean, samina adierazi du ETAk agiri batean, eta doluminak helarazi dizkie agiri batean senitarteko eta lagunei: "Azken unera arte izan duen duintasunak eta borrokarako grinak jarraitu beharreko bidea erakusten digu".

Uribetxebarriaren espetxealdia gogoratu du, oroitaraziz hamabost urte egin zituela Euskal Herritik kanpoko espetxeetan, eta zazpi urte eman zituela preso gaixotasun larri bat diagnostikatu ziotenetik: "Espetxean hil nahi zuten, bere duintasunaren aldeko borroka gogorrak eta herritarren elkartasunak askatasunera eraman zuten arte".

Espainiaren "ankerkeriari" egotzi dio Uribetxebarriaren heriotza, eta mendeku gosez jokatzea egotzi dio estatuari. Testuinguru horretan kokatu du abokatuen kontra Guardia Zibilak urtarrilaren 12an eginiko polizia operazioa, eta estatuari "platera maneatu" izana egotzi dio EAJri: "Eraso honek PNVn gogoeta eragin beharko luke, ezker abertzalea higatzeko denak balio duela iritzita elikatzen duen jokabideari buruz, hain zuzen".

Hausnartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ere: "Giza eskubideak hamaika aldiz aipatu baina oinarrizko eskubideen urraketen aurrean epel jarraitzen du, erasoak pairatzen dituzten herritarrengandik urrun". ETAren ustez, "zinez eskasa" da abokatuen atxiloketen aurrean Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren "leialtasun eza" salatzea.

Espainiaren jarrerari "mendekaria" deritzo, eta ohartarazi du helburu politiko zehatza duen estrategia dela: "Euskal preso politikoak bahitu gisa mantendu, Euskal Herriak Espainian preso jarrai dezan". Hortaz, "presoen eta Euskal Herriaren kateak askatzen hasteko garaia" delakoan da erakundea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.