Politika

ETAkideak bahitu eta torturapean galdeketak egiteko Bartzelona inguruan masia bat zutela onartu dute Italiako bi preso neofaxistek

Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETA politiko-militarreko kidea 1976an desagertu zen, Lapurdin. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea Erromara joan da.

2009ko martxoaren 25a
19:17
Entzun
ETAkideak bahitu eta torturapean galdeketak egiteko Bartzelona inguruan masia bat zutela onartu dute Eduardo Moreno Bergaretxe Perturren desagerpenarekin zerikusia izan dezaketen Italiako bi preso neofaxistek. Horrez gain, onartu egin dute Batallon Vasco-Español taldearekin zuten lotura. Bartzelonako masia eta bahiketak antolatzeko erabiltzen zuten Madrilgo beste etxebizitza bat horiena zela ere onartu dute.

Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko-militarreko kidearen desagertzeari buruz Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Italiako bi preso neofaxistari galdeketa egiteko baimena lortu zuen martxoaren 10ean, eta gaur egin die, Erroman. Beste batekin ere hitz egin nahi zuen, baina honek gaitz sendaezina dauka eta ez du deklaratuko.

1976ko uztailaren 23an desagertu en Pertur, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Geroztik gorpurik ez da azaldu eta inoiz ez da argitu zer gertatu zen. Joan den urtean haren sendiak Italian ikerketa zabaltzea eskatu zuen, eta hori dela-eta joan da Andreu Erromara. Neofaxista haietako batek Italiako epaiketa batean deklaratu zuen "espainiar bat" hil zutela "Frantziako hegoaldean", Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta.

Pertur desagertu eta hiru egunera Triple A erakundeak hartu zuen bere gain, eta uztailaren 30ean Batallon Vasco-Español erakundeak hura hil izana errebindikatu zuen.

Azkeneko aldiz Francisco Mujika Garmendia Pakito eta Miguel Angel Apalategi Apala ETA politiko-militarreko berezietako kideekin ikusi zuten, autoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.