Venezuelan ETAko kideei armak erabiltzeko ikastaroak ematea egotzita, Arturo Cubillas Espainiaratu eta epaitzea nahi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Halakorik ez duela inoiz egin esan du Cubillasek, Ciudad CCS egunkariak argitaratutako elkarrizketan. Euskal jatorrikoa denez -1989ko maiatzaren 29an iritsi zen Venezuelara-, eta Venezuelarekiko jakin-minak bultzatuta herrialde hartara hainbat euskaldunek bidaiatu dutenez, haiekin harremanak eduki izan dituela onartu du, baina euskaldun bat Venezuelara joatea eta han beste euskaldun batekin batzea delitua al den galdetu du.
Venezuelako naziotasuna dauka Cubillasek, eta, beraz, ezingo dute Espainiaratu. Cubillasek berak eskatu zion Venezuelako Fiskaltzari egin dizkioten inputazioak egiazkoak diren edo ez ikertzeko. Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance ustezko etakideek Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egon ziren aldian egindako deklarazioak dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Cubillasen kontra egiteko oinarria. Bi lagun horien adierazpenak torturapean egindakoak ote diren ikertzeko ere eskatu dio Cubillasek Venezuelako Fiskaltzari. Izan ere, biek ala biek salatu zuten inkomunikazio aldian tortura latzak jasan zituztela.
Epaiketa Venezuelan
Julian Isaias Rodriguez Venezuelako Gobernuak Espainian duen enbaxadorea Euskal Herrian izan zen atzo. Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan esan zuen Cubillasek Venezuelako pasaportea duela kontuan hartuta ez duela uste Espainiaratu egingo dutenik, hango Konstituzioak hala diolako. Horregatik, Cubillasen kontrako ikerketa Venezuelan egingo dela aurreikusten du. «Ez da inpunitaterik egongo. Zigortzeko motiboak badaude, zigortu egingo dute».
Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroak ere Cubillas estraditatu ezean Venezuelan ikertu eta epaituko dutela azpimarratu du. Eloy Velascok Fiskaltzaren eskaerari jaramon egin eta Cubillas Espainiaratzeko eskatuko balu, bere ministerioak berehalakoan ekimena hartuko duela jakinarazi du.
Enbaxadorea Euskal Herrian izan den arren, hari ez diote harrerarik egin Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak. Lopezek «agenda arazoak» argudiatu ditu Isaiasen eskaerari ezetz esateko. Basagoitik esan du ez duela hartu bulegoan «metal detektatzailerik» ez duelako.
PSE-EEren ordezkaritza bat bildu zen Isaiasekin, eta Cubillasen auzia lehenbailehen argitzeko eskatu zioten. EAJko ordezkariekin ere bildu zen.
Etakideei inoiz ez diela ikastarorik eman esan du Arturo Cubillasek
Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak dio seguruena Cubillas Venezuelan epaitzea dela, estraditatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu