"ETAko buruzagitzak oso lan zaila egin du" (2005-03-24)

2013ko azaroaren 22a
14:59
Entzun

Ainara Mendiola (Donostia)

Alec Reid apaiz katolikoa da, eta esperientzia luzea du bake negoziazioetan. Izan ere, Irlandako negoziazioetan bitartekari izan da. Alderdi politiko gehienek konpromiso sendoak hartu dituztela esan du eta bake prozesua hasten denean, bizkor egingo duela aurrera.

ETAk su-eten iraunkorra iragarri du. Irlandako gatazkan duzun esperientzian oinarrituta, zein garrantzi ematen diozu iragarpenari?

ETAren iragarpena oso-oso albiste ona da. Bidea ireki du alderdi politikoen arteko mahai bat osatzeko eta alderdi guztien arteko elkarrizketak egiteko. Orain arte, EAJk eta alderdi sozialistak uko egiten zioten Batasunarekin hitz egiteari, indarkeria zela-eta, baina orain hitz egin ahal izango dute. Gaurko [atzoko] iragarpenak aukera ematen du gatazka konpontzeko elkarrizketa prozesu bat irekitzeko. Izan ere, konponbidea elkarrizketatik bakarrik etorriko da. Gatazka kaletik atera behar da; hori erakutsi digu Irlandako gatazkak. Alderdi guztiek hartu behar dute parte eta guztien eskubideak errespetatuko dituen irtenbide bat bilatu behar da.

Espainiako Alderdi Popularrak orain arte uko egin dio negoziazioari. Jarrera aldatuko duela uste duzu?

Nik espero dut PPk jarrera aldatuko duela eta negoziazioetan parte hartuko duela. Mahaia eratzean sartuko direla uste dut. Dena den, mahai hori osatzen denean PPri parte hartzeko gonbidapena egiten badiote eta errefusatzea erabakitzen badu, ezingo ditu negoziazioak trabatu. Ez du argudiorik izango.

Nola lor daiteke alderdi guztiek bat egitea mahaian?

Alderdi sozialistak dagoeneko konpromisoa agertu du irtenbide politikoa bilatzeko eta hori oso garrantzitsua da. Zapatero lehen ministroak oso urrats handia egin zuen hitz egin nahi zuela aldarrikatuz Espainiako Kongresuan. Eta hori egin zuen nahiz eta jakin ez zela erabaki popularra izango. Arriskuak hartu zituen eta benetako politikaria zela frogatu zuen. Bakea ekartzeko betebeharra zuela jabetu zen. Prozesuak aurrera egiten duenean, herritarren sostengua jasoko du. Baina bake demokratikoa bilatu behar da horretarako, guztiek irabazi behar dute. Oinarri horiekin, espainiarren sostengua lortuko du Zapaterok. Nik lau urte daramatzat Euskal Herrian lanean eta nabarmendu nahi dut Rafa Diezek zeresan handia izan duela prozesu honetan. Irlandan Gerry Adamsek izan duen buruzagitza lana egin du Diezek; erabakigarria izan da. Zapaterorekin ere hitz egin dut, Imazekin... Imazek ere arriskuak hartzen jakin du. EAk lan bikaina egin du. Batasunari lagundu dio besteek baztertzen zutenean, nahiz eta horrek beren alderdian bertan arazoak eragin zitzakeen. Era berean, ETAren buruzagitzak oso lan zaila egin du. Oso zaila baita erakunde armatu batentzat armak uztea, IRAk egin zuen bezala, zatitu gabe. Kontuz ibili behar da zatiketak saihesteko eta lortu dute, oso buruzagi onak dituztelako: oso azkarrak eta esperientzia handikoak. Beti dago arriskua muturreko jendeak erabakien kontra egiteko.

Espainiako eta Frantziako gobernuek urratsak egingo dituzte orain irtenbidearen alde?

Espainiako Gobernuaz ari garenean PSOE alderdiaz ari gara, eta bai, urratsak egingo dituela uste dut. Frantziari dagokionez, negoziazioetako gaietako bat lurraldetasuna izango denez, prozesuak aurrera egin ahala lagunduko duela uste dut.

Zein urrats egin behar dira orain?

ETAk su-etena aldarrikatuta, orain ez dago oztoporik ez PSOErentzat ezta EAJrentzat ere aurrez aurre hitz egiteko Batasunarekin. Alderdi guztiek hitz egin dezakete elkarrekin. Dagoeneko negoziazioen arlo teknikoei buruz hitz egin dute.

Batasuna legeztatuko dute?

Batasunari bere helburuen alde politikoki borrokatzea ahalbidetu behar zaio. Eta presoak askatu. Argi dago ez zela meniarik izango Batasuna legeztatzearen eta presoen inguruan konpromisorik lortu gabe.

Zein izan behar du presoen rolak bake prozesuan?

Irlandako bake prozesuan presoak izan dira bake prozesuaren sostengatzaile nagusiak. Menia ez zen posible izango presoekin aldez aurretik hitzartu ez balitz. Presoetako asko alderdi politikoetan edo sindikatuetan sartuko direla espero izatekoa da. Alderdien artean dagoeneko badago adostasun bat konponbidearen oinarriei dagokienez. Iaz, 60 erakundek atxikimendua adierazi zioten Oinarrizko Konponbide Demokratikoari. Itun horrek hiru oinarri jarri zituen: Euskal Herria nazioa dela aitortzea, autodeterminazio eskubidea aitortzea eta konponbidea bide baketsuetatik bilatzea. EAJ, EA, Aralar, Batasuna eta EB bat datoz hiru oinarri horiekin. Batasuna eta EAJ %100ean daude ados oinarrietan. Baina, horrekin batera, kontuan hartu behar da herritarren zati handi batek bere burua espainiartzat duela eta beren eskubideak ere kontuan hartu behar dira.

Euskal gizarteak zein ekarpen egin diezaioke bake prozesuari?

Euskal gizarteak babesa adierazi ahalko die politikariei elkarretaratzeen bidez. Arlo honetan garrantzitsua da hauxe nabarmentzea: lehen ETAk esaten zuen euskal herritarrak ordezkatzen zituela; duela 10 bat urte jarrera aldatu zuen, eta esan zuen alderdi politikoek ordezkatzen zituztela herritarrak. Zalantzarik ez dago edozein akordiok herritarren babesa beharko duela.

Prozesua luzea izango da?

Euskal herritarrak oso eraginkorrak dira, oso azkarrak. Horregatik, prozesua martxan jartzen denean, Irlandan baino azkarrago egingo du aurrera. Batzuetan agian motelago joango da, baina Irlandan baino azkarrago etorriko da irtenbidea eta hori lortzean ez da Irlandan daukagun arazoa sortuko. Irlandan, unionistek uko egiten diote aurrera egiteari. Eta gatazkaren konponbideak oparotasuna eragingo du: inbertsioak erakarriko ditu, lanpostuak sortuko... Azken finean, guztientzako justizia eta demokrazia ekarriko ditu. Duela hiru urte, Batasuneko buruzagietako batek zera esan zidan: elkarrizketaren bidez lortu nahi zutela konponbidea, nahiz eta helmuga zein izango zen ez jakin. Hori oso erabaki garrantzitsua izan zen. IRAk duela 10 urte ez zuen onartuko autonomia, baina gero babestu egin zuen.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.