politika

ETAko kide izatea leporatu dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Iñaki Goioaga abokatuari

ETAko kide ohi Jose Miguel Latasak 'Arabatik' blogean idatzitakoan oinarritzen da Auzitegi Nazionaleko fiskal Javier Zaragozaren salaketa. Senatari egitekoak dira Goioaga. 

Berria.info
2013ko urtarrilaren 14a
23:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Iñaki Goioaga abokatuari ETAko kide izatea leporatu dio, berri agentziek atzo informatu zutenez. Hain zuzen ere, Jose Miguel Latasa ETAko kide ohiak Arabatik blogean idatzitako sarrera batean oinarritu da Javier Zaragoza fiskala, euskal presoen abokatuaren aurka ekiteko. Hala, Goioaga inputatu gisa deklaratzera deitzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari eta Latasa, berriz, lekuko gisa.

Goioaga absolbitu egin zuten iazko urrian egin zioten epaiketa batean. Orduan ere ETAko kide izatea leporatuta epaitu zuten. Oraingo salaketan Zaragozak gogoratzen du epaiketa hura, baina dio Latasak urtarrilaren 3an idatzitakoak "balioa" duela Goioagaren aurka berriro ekiteko.

Auzibideak berak eta  Latasak idatzitakoak zerikusia dute Espainiako senatari izateko EH Bilduk Goioaga proposatu izanarekin. Koalizioaren asmoa jakin orduko, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriari eskatu zion «ahalegin guztiak» egiteko izendapena eragozteko. UPDk, berriz, salaketa jarri zuen Auzitegi Nazionalean, eta salaketa hori bere egin du Fiskaltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.