Lerro hauek idazterakoan, oraindik ez zen ETAko ustezko kidearen izenik jakinarazi, agiri faltsuak baino ez zizkiotelako atzeman. Dena dela, Frantziako Polizia iturrien arabera, 25 eta 30 urte bitarteko gizonezkoa da zendutakoa. Hildako ETAko ustezko kidearen identifikazioak luze joko duela esan zuten atzo Frantziako Poliziaren iturriek. Espainiako Poliziari hildako lagunaren hatz markak bidaliko dizkiotela adierazi zuten, haien datu-basearekin alderatzeko.Arratsaldean zehar gertaturiko auto istripuaren inguruko bertsio ezberdinak kaleratu zituzten Espainiako hedabideek, atzo. Aldiz, Frantziako irrati-kateek ez zuten gertakaria aipatu ere egin, eta hedabide gehienek ez zuten baieztatu gidaria hil zela.Espainiako hainbat berri agentziak 18:00ak aldera zabaldu zutenez, Frantziako Poliziaren kontrolgune bat saihesten saiatu zen ETAko ustezko kidea istripua izan zuenean. Lehenbiziko bertsio horren arabera, Frantziako Poliziak ezarritako ohiko kontrolgune bat saihestearren bidean atzera egin zuen lagun batek, eta jendarmeak atzetik joan zitzaizkionean, autoaren kontrola galdu eta istripua izan zuen. Larri eraman zuten ospitalera eta zaurien larritasuna zela-eta, bertan hil zen.
Istripuari buruzko hainbat bertsio zabaldu ziren
Arratsaldeak aurrera egin ahala, gertatutakoaren bertsio gehiago zabaldu ziren. Beste bertsio baten arabera, ETAko ustezko kidea bide bazter batean aparkatutako Volkswagen Golf beltz batean zegoen. Frantziako bi polizia identifikatzeko asmoz hurbildu zirenean ihes egin zuen, eta kilometro batzuk aurrerago autoa zuhaitz baten kontra txikitu zen. Gidaria oso larri atera zuten autotik, eta Cahorseko ospitalean hil zen.
Dena dela, Frantziako Poliziaren iturriak aipatuz berri agentziek zabalduriko azken informazioek poliziek ezarritako kontrolgunearen bertsioa lehenetsi zuten. Horren arabera, ustezko etakideak kontrolgunea saihestea lortu zuen, 16:00ak aldera. Jendarmeak atzetik joan ziren eta kilometro batzuk aurrerago Volkswagen etxeko autoa ikusi zuten zuhaitz baten kontra jota. Barruan gidaria zegoen, traumatismo oso larriekin. Cahorseko erietxe batera eraman zuten, baina hil egin zen. Flaugnacen jarritako kontrolgunea ohikoa dela esan zuten iturri berberek. Auto gidariei abiadura moteltzeko eskatzen zaiela, bakan batzuk gelditu egiten dituztela eta dokumentazioa eskatzen zaiela.Parisko ETAren kontrako Fiskaltzak aditzera eman zuenez, gertakarien inguruko ikerketak irekiko ditu, auto istripua nola gertatu den argitzeko. Fiskaltzak nabarmendu zuen lehenbiziko aldia dela horrelako zerbait gertatzen dela. Era berean, hildako lagunak ETAko beste kide batzuekin izan ditzakeen harremanak zehazteko bigarren ikerketa bat abiatzeko asmoa du.Frantziako Terrorismoaren Aurkako Dibisio Nazionalak eta Tolosako Polizia Judizialak hartu dute kasua beren gain.Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, atzoko gertakarien harira, mobilizazioetara deitu ditu herritarrak, «herri eta auzo guztietan».
-
Zendutako ETAko kideak
ETAk 1998ko irailean emandako su-etena hautsi zuenetik, 1999. urteko abendutik, ETA erakunde armatuko zortzi kide hil dira lehergailu baten eztandaren ondorioz edo poliziekin izandako tiroketetan. Atzo auto istripuz hildakoa da bederatzigarrena:
Bolueta (2000-08-07): Patxi Rementeria markinarra, Ekain Ruiz hernaniarra eta Urko Gerrikagoitia zein Zigor Aranbarri durangarrak hil ziren Bilboko Bolueta auzoan. ETAko lau kideek zeramaten ibilgailua lehertu egin zen, barruan zeramaten lehergaiak eztanda eginda. Gorpuak kiskalita gelditu ziren eztandaren ondorioz, eta oso zaila izan zen lau etakideen identifikazioa. Izenekin nahaste handia izan zen hasieran, eta azkenean ADN frogak eginda identifikatu zituzten.
Torrevella (2001-07-24): Olaia Kastresana gazte donostiarra hil zen uztailaren 24an, Espainiako Torrevella herriko apartamentu batean. Antza, eskuartean zuen lehergailua zartatuta hil zen gaztea. Bera zegoen apartamentua guztiz suntsituta gelditu zen, eztanda indartsuagatik. Gorpua Euskal Herriratzeko traba ugari izan zituen haren sendiak.
Basurtu (2002-09-26): Hodei Galarraga eta Egoitz Gurrutxaga hil ziren irailaren 26an, Basurtun (Bilbo). Autoan zeudela, zeramaten lehergaiak eztanda egin eta bertan hil ziren. Zaldibiarra zen Galarraga, eta Errenterian jaioa Gurrutxaga. Euren jaioterrietan omenaldi jendetsuak izan ziren ETAko bi kideen omenez. Hauen kasuan ere identifikatzeko arazoak izan ziren, gorpuen egoera zela-eta.
Herrera mendatea (2003-09-14): 2003ko irailaren 14an Arkaitz Otazua gaztea tiroz hil zuen Ertzaintzak, Herrerako (Araba) mendatean. Tiroketa bat izan zen mendatean, ustez ertzainei segada bat prestatzen ari ziren ETAko kideen eta bertaratutako ertzainen artean.