Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez, ETAko ustezko bi kide atxilotu dituzte gaur Frantzian, Moulinsen, Lyondik 200 kilometro ingurura. Informazio horren arabera, lapurtutako auto batean zihoazen biak, eta Moulinseko hotel batean atzeman ditu Frantziako Poliziak. Horietako bat Oier Ibarguren Sarasola donostiarra da; bestea Montxo Arkaitz Varea, Antsoaingoa.
Eguerdian hartu dituzte atxilo. Zabaldu dutenez, poliziek espero zuten hotelera joan eta han ETAko beste kide batzuekin biltzea, baina ez da horrela gertatu.
Guztira bost dira ETAko kideak izatea egotzita aurten atxilotu dituztenak. Urtarrilaren 11n Andoni Lariz eta Urtzi Etxeberria atzeman zituzten errepidean eginiko kontrol batean. Astebete geroago, berriz, Joseba Gotzon Vizan atzeman zuten, Brasilen.