Politika

ETArekin hitz egiteari babesa eman dio Espainiako Kongresuak

«Indarkeria amaitzeko baldintza egokiak baldin badaude» ETArekin elkarrizketa prozesua abiatzeari oniritzia eman dio gaur Espainiako Kongresuak, bozketa bidez, PSOEk Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren baitan aurkeztutako ebazpen proposamenak PP ez beste alderdi guztien babesa izan baitu. 192 aldeko boto lortu ditu, eta 147 kontrako.

2005eko maiatzaren 17a
19:53
Entzun
Elkarrizketa prozesua abiatzeko baldintzak, proposamenaren bigarren puntuak zehazten duenez, ETAk indarkeria amaitzeko "borondate argia" agertzea eta borondate hori duela adierazten duten "zalantzarik gabeko jarrerak" izatea da. Proposamenak ez du eskatzen, hedabide batzuek zabaldu zutenez bestera, elkarrizketa hasi ahal izateko ETAk aldez aurretik armak uztea, edo armak isiltzea.

Negoziazioari buruzko puntuan ETA ez da berariaz aipatzen, baina elkarrizketa "Estatuko aginte eskudunen eta indarkeria uztea erabakitzen dutenen artekoa" litzatekeela dioenean, ETAri buruz ari da. Elkarrizketa horretan auzi politikoak ez liratekeela konponduko ere zehazten du, hori "herri borondatearen ordezkari zilegiei" dagokielako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.