Atxiloketak

ETArekin lotura dutelakoan Frantzian atxilotutako bi lagunak Unai Fano eta Maria Lizarraga dira

Bi izen horiek eman dituzte polizia iturriek, baina emakumezkoa nor den guztiz ziurtatzeko hatzmarkak erkatzeko zain daude. Loireko departamenduan egin dute operazioa, eta pistolak eta agiri faltsuak atzeman dizkietela dio Poliziak. Fano bilatzeko eta atxilotzeko agindu zuen otsailean Espainiako Auzitegi Nazionalak.

2008ko irailaren 23a
19:02
Entzun
Polizia iturriek jakinarazi dutenez, gaur goizean Frantziako Loire departamenduan atxilotu dituzten ustezko bi etakideak Unai Fano eta Maria Lizarraga (24 urte, Nafarroa)dira. Atxilotutako gizonezkoa Fano dela ziurtzat eman dute; Lizarragaren nortasuna guztiz baieztatzeko, ordea, hatzmarkak erkatzeko zain daude. Bi pistola, lapurtutako bi auto, bost nortasun agiri faltsu, dirua eta gidatzeko baimenak aurkitu dizkietela agertu dute polizia iturriek.

Fano bilatzeko eta atxilotzeko agindupean zegoen 2008ko otsailetik. Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko buruzagiekin prentsaurrekoa eman zuela-eta hura atzemateko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Batasunari segida emanez delitua egin zutela iritzita. Barrena eta Urrutia atxilotu zituzten, baina Fano ez zuten aurkitu.

Gaur goizeko zazpi eta erdietan egin ditu atxiloketak Frantziako Poliziak, kanpin batean. Poliziaren arabera, gau osoan kontrolatuta eduki dituzte. ETAko logistika taldearekin lotu dituzte.

Biak Clermont-Ferrandeko polizia etxera eramango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.