ETAren agirira / erreakzioak

ETAren amaiera iragartzen duen agiriaz baino ez duela hitz egingo esan du Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko lehendakariorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak esan duenez, Espainiako Gobernuak ez du iritzirik emango ETAk BERRIAra eta 'Gara'-ra bidalitako agiriaren inguruan. Gaineratu duenez, ETAk desagertu egiten dela esanez agiria aterako balu, haren inguruan bakarrik dago prest iritzia emateko, bestela ez. Eusko Jaurlaritzaren iritzian, berriz, ETAk ez du "inolako ekarpenik egiten", eta beraz, "egin behar duela desagertzea da".

2005eko ekainaren 17a
16:29
Entzun
Espainiako Gobernua ETAk desagertuko dela esango duen agiriaren zain dagoela azpimarratu du Fernandez de la Vegak, baina, bien bitartean, Gobernuak "borroka antierroristarekin" jarraituko duela azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzaren iritzian, berriz, BERRIAk eta 'Gara'-k dakarten ETAren agiriak ez dauka berrikuntzarik. Gaineratu dutenez, "ETAk egin behar duena desagertzea da".

ETAri armak uzteko eskatzeko esan dio Elorzak Otegiri

Donostiako Alkate Odon Elorzak (PSE-EE), Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegiri esan dio, "benetan Ipar Irlandako bake prozesua egin nahi badu", ETAri eskatu beharko liokeela armak uzteko.

Agiriak ez dakarrela "berrikuntza handirik" iritzi dio Elorzak. "Koherente" izateko eskatu dio ETAri, eta atentatu gehiago ez egiteko, "ez handiak eta ez txikiak". Gainera, ETAk hori egingo balu, Espainiako Gobernuak "prozesu koherente, ausart eta baliozkoa"abiatuko duela azpimarratu du.

San Gilen ustez, agirian garbi ikusten da ETA "ez dela batere aldatu"

Maria San Gil PPren legebiltzarkidearen ustez, agiri honekin, "argi geratu da ETA ez dela aldatu", eta beraz, PSOEk proposatuta Espainiako Kongresuan onartutako proposamena "akatsa" izan zela dio. Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori egindakoa zuzentzeko eskatu dio.

Azkarraga: "Kontraesana da Anoetako proposamenaz hitz egin, eta atentatuak bere gain hartzea"

EAko legebiltzarkide Joseba Azkarragak esan duenez, berriz, bere iritzian kontraesana da ETAk Anoetako proposamenaz hitz egitea, eta aldi berean, atentatuak bere gain hartzea. Anoetako proposamena "aurrerapausoa" dela azpimarratu du. Beraz, ETAri desagertzeko eskatu dio, "haiek gabe aurrerapauso gehiago" emango dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.