Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek Fernandezek. Gaineratu du Eusko Jaurlaritzak espetxe politika aldatzeko proposamen bat aurkeztuko diola Espainiako Gobernuari, gizarteratze neurri batzuekin batera.
Bake eta bizikidetza alorrean zenbait lan egiteko daudela adierazi du, eta horietako bat ETAren armagabetze "behin betikoa" eta "baldintzarik gabekoa" dela. Espetxe politika da beste bat, "impasse egoeran" dagoena, Espainian ez dutelako gobernua osatu oraindik. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak "aurrea hartu" nahi dio egoerari proposamenak aurkeztuta.
Espainian osatuko den gobernu berria Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen bake eta bizikidetzarako politikak partekatzeko prest egotea nahi luke Fernandezek. "Ikuspuntu desberdinak egon daitezke, baina, gutxienez, logikoena litzateke mahai baten bueltan esertzea lehentasuna duten eta oinarrizkoak diren gaiak partekatzeko, azken urteetan ez baita posible izan".
Presoen inguruan Eusko Jaurlaritza "esperientzia piloto" bat garatzen ari dela baieztatu du Fernandezek, gizarteratze prozesua "modu oso zehatzean" prestatzeko. Eta gaineratu du ekainean jakinaraziko dituztela lan horren emaitzak.