ETAren ekimenaren inguruan bertsio desberdinak daude. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak atzo esan zuen erakunde armatua ez dela ari atentatu gehiago egiteko prestatzen. ETA erakunde klandestino bat del, oraindik ere, ekarri du gogora, eta, beraz, estruktura bat daukala bizirik irauteko. Autoak lapurtzen eta nortasun agiriak egiteko materiala lortzen ari direla jakinarazi du, baina atentatuak egiteko ez direla ari prestatzen. Azpimarratu zuen hori badakiela Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere, eta ados daudela horretan.
Fernandez Diazek atzo ez zuen kontrakorik esan, baina bai herenegun. Atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak egin zituen adierazpenak, horren haritik, eta esan zuen ez dela desagertu ETAk atentatuak egiteko aukera. Haren esanetan, hori ez da gertatuko, harik eta «ETAk existitzeari uzten dion arte, armak uzten dituen arte eta erakundeko kideak justiziaren esku gelditzen diren arte».
ETAk ez duela «inoiz gehiago» inor hilko esan zuen, bestalde, Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatuak, La Sexta telebista katean egin zioten elkarrizketan. «Hala esan dute beraiek, eta agente politikoen gehiengo zabalak halaxe gertatuko dela sinesten du». Erakunde armatuaren erabakiak atzera bueltarik ez duela azpimarratu zuen. Antiguedaden iritzian, hori hala dela esateko froga argia da Eusko Jaurlaritzak bizkartzain kopurua murriztu izana: «Arriskurik balego, ez lukete halakorik egingo».
Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak ere hitz egin zuen atzo gaiaz. Bere informazioaren arabera, ETA berregituratzen ari denik ezin dela pentsatu adierazi zuen, TVEn egin zioten elkarrizketan. Iraultza zerga deiturikoa biltzen hasi direnik ere ezin dela esan nabarmendu zuen. Berak «kontrako» informazioa duela esan zuen; «urriaren 20az geroztik egoera diferente batean gaudela». Erakunde armatuak Egiaztatze Batzordeari erabakia berretsi diola ere ekarri zuen gogora.
ETAren arriskurik ez dagoela dio Aresek; eta Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiak, baietz
Erakunde armatuak «inoiz gehiago» ez duela inor hilko nabarmendu du Iñaki Antiguedadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu