Eusko Jaurlaritza "egonkorra" finkatzeko asmoarekin bildu dira gaur goizean, Bilbon, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea, aurreneko alderdiaren egoitzan, eta Lopezek adierazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartzen duenetik ETAren aurka borrokatzeko "alderdi guztien arteko akordio demokratikoa" lortzen saiatuko dela.
Apirilaren 1ean PSE-EEk eta PPk akordioa sinatu zutenetik, jendaurrean lehen aldiz elkartu dira bi buruzagiak. Egun hartan Rodolfo Ares eta Jesus Egiguren sozialistek, eta Iñaki Oiartzabal eta Leopoldo Barreda popularrek osatu zuten argazkia.
Lopezek jakinarazi du gobernu "egonkorra" osatzeko "pertsonalki" lanean ari dela. Horrez gain, pazientzia eskatu du, Jaurlaritza osatuko duten izenekin komunikabideetan espekulatzeari buruz. "Ez da komeni inor konpromisoan jartzea. Izan ere, egoera ez da erraza, etorkizuneko Jaurlaritzari ETAk mehatxu egin diolako. Jaurlaritzako kide izan daitezkeenen izenak komunikabideetan agertzeak badakigu zer esan nahi duen". Haren ustez, ETAren azken mezua "ez da PSE-EEren aurkako mehatxua soilik izan, euskal gizarte osoaren aurkakoa baizik".
PPrekin "lehentasunezko harremana" izango duela gaineratu du Lopezek, eta "enfasi berezia" jarriko duela EAJrekin kolaborazioa izateko -besteak beste, Arabako Foru Aldundian-.
Lopezek bi alderdiek -PPk eta PSE-EEk- hitzartutako bidea jarraitzen badu, PPk lehendakari berriari egonkortasuna eskainiko diola adierazi du Basagoitik. Gaurko bileran askatasunen defentsa eta finantza krisiari aurre egitearen inguruan mintzatu direla azaldu du Basagoitik.
"Inork ez du geldituko iristear dagoen gobernu aldaketa, are gutxiago ETAk", nabarmendu du Basagoitik.
Inbestidura saioa
Lopezek, PSE-EEren beraren, PPren eta UPDren botoak jasoko ditu inbestidura saioan: 39 (25, 13 eta 1, hurrenez hurren), eta Jaurlaritzako lehendakari izendatuko dute. Maiatzaren 4 eta 6 bitartean izango da inbestidura saioa.
Orain arte beti abertzale bat izan da Jaurlaritzako buru: EAJkoa. 1999tik Juan Jose Ibarretxe dago. PSE-EE eta PP alderdi konstituzionalistak dira.
Martxoaren 1eko hauteskundeetarako Demokrazia 3.000.000 hautesle plataforma Espainiako Justiziak baliogabe utzi izan ez balu, eta hark bozetan izandako botoak kontuan hartu izan balira, PSE-EEk, PPk eta UPDk ez zuketen gehiengo osoa lortuko: 35 legebiltzarkide (PSE-Ek 23, PPk 11 eta UPDk 1). Emaitza ofizialen arabera, haiez gain, EAJk 30 parlamentari ditu, Aralarrek 4, EAk 1 eta EBk 1.
Inbestidura saioari begira, Arantza Quiroga (PP) Eusko Legebiltzarreko presidenteak jakinarazi du lehendakaria hautatzeko bozketa ez dela orain arte bezala sekretua izango. Legebiltzarkideek Lopez eta Ibarretxe (EAJ) bi hautagaien aldeko bozka zutik jarri eta babesten duten hautagaiaren izena esanez egingo dute.
Politika
ETAren aurka borrokatzeko "alderdi guztien arteko akordio demokratikoa" lortzen saiatuko da Lopez
Apirilaren 1ean PSEk eta PPk akordioa sinatu ondoren, Basagoiti eta biak jendaurrean aurreneko aldiz elkartu dira gaur. PSE-EEko idazkari ngausiak Eusko Jaurlaritza "egonkorra" nahi du eta PPrekin "lehentasunezko harremana" izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu