ETAren aurkako protesta eskatu dio Urkulluk AEHri

Adierazi EHk bizitza eskubidea beste eskubideen pare jartzen duela salatu du EAJren buruzagiak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen arabera, larunbateko martxako deitzaileek bizitza eskubidearen pare jarri zituzten eskubide zibil eta politikoak. EAJk ez duela hori onartuko nabarmendu du Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, eta ETAren kontrako manifestazio bat antolatzeko eskatu dio AEH Adierazi Euskal Herriari.

Lehengo larunbatean debekuen aurka eta eskubide guztien alde egindako manifestazioaren antolatzaileekin haserrea agertu du Urkulluk, martxaren amaieran AEHko ordezkariei hitza eman zietelako. Hori hala, AEH herri ekimeneko kideei eskatu die beste martxa bat antolatzeko, «ETAren aurkako jarrera argia azaltzeko». Urkulluren arabera, martxa horren leloa ETA ez. Ez gaituzu zurekin izan beharko litzateke. Ezker abertzaleak hark proposatutako leloarekin bat egingo balu, «ETAtik aldendu» egingo litzatekeela uste du Urkulluk, eta hori bake eta normalizazio politikorako bidean aurrerapausoa izango litzatekeela nabarmendu du. «Eskubide zehatz batzuen aldarrikapenean lagundu nahi badugu, 2010ean has gaitezen berriz ere bizitzeko eskubidea aldarrikatzen eta ezker abertzalea deitzen den mundua joko esparrua izateko agertokirako hazia ereiten».

Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean, AEH ezker abertzalearekin lotu du berriz ereEAJko buruzagiak. Urkulluk uste du ekimenaren helburua EAJ ordezkatzea dela. AEH urte hasieran sortu zuten hainbat arlotako herritarrek, Euskal Herrian izaten diren eskubideen urraketak salatzeko. Manifestaziora deitu zuten irailaren 11rako, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen. Bigarren manifestazio bat ere debekatu zuen auzitegiak, eta, orduan, herritar talde batek joan den larunbatean eginiko martxa antolatu zuen. Manifestazio horretan EAJren ordezkaritza bat izan zen.

EAJ eta Espainiako Gobernua

Prozesuari trabak jartzeko asmoz, EAJ eta Espainiako Gobernuaren artean akordio bat dagoela adierazi zuen herenegun Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak. Erkiziaren hitzak gezurtatu ditu. «Batasunak badaki hori ez dela hala». Aitzitik, Urkulluk adierazi duenez, etorkizunean eman daitekeen bake eta normalizazio politikorako baliagarriak izan daitezkeen zenbait inguruabar aztertzen ari dira Espainiako Gobernuarekin batera. «Denbora irabazten ari gara bake eta normalizazio politikorako». Buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, besteak beste, «oreka instituzionalaz» ari dira hizketan, aurrekontuen negoziazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.