Mariano Rajoy eta Iñigo Urkullu uztailaren 15ean Moncloa jauregian elkartu ziren, Madrilen. Vocento taldeko Diario Vasco eta El Correo egunkariek argitaratu dute gaur albistea, eta horien arabera, Espainiako presidenteak eskatu zion bilera Urkulluri. ETAren behin betiko su-etenaren osteko egoeraz gain, erkidegoen defizit mugaz eta ontziolen egoeraz ere hitz egin zuten Rajoyk eta Urkulluk.
Egun korapilatsua izan zen uztailaren 15a Rajoyrentzat, egun horretan bertan Luis Barcenas PPko diruzain ohiak 2008 eta 2010 artean Rajoyri gainsoldatak eman zitzaizkiola baieztatu baitzion Pablo Ruz epaileari. Egun horretan bertan, baita ere, ETAk jakinarazi zuen Foro Sozialaren gomendioei ekarpenak egingo dizkiela.
Bilera egin baino lehen, Urkulluk baieztatu zuen ez zuela Rajoyren aldetik erantzunik jaso urtarrilean lehendakariak proposatutako bake prozesuari buruzko bide orriaren inguruan. Besteak beste, espetxe politika "epeka" egokitzea proposatu zion.
Urizar: "Ez dut uste bilera horrek ezer aldatuko duenik"
EAko idazkari nagusiak adierazi duenez, Urkullu eta Rajoyren bileratik "erabateko isiltasuna" besterik ez du espero. "Asko harrituko ninduke bilera horren ostean Rajoyk bere jarrera aldatuko balu. Lehendakariak berak esan zuen aurreko bileran egindako eskaeren aurrean Rajoyrengandik jaso zuen erantzuna erabateko isiltasuna izan zela. Eta badakigu Rajoyk horrela funtzionatzen duela: denbora pasatzen uzten du, ea egoerak hobera egiten duen, baina berak ezer egin gabe".
Urizarren ustez, bake prozesuan "galtzaileak eta irabazleak" egotea baino ez du nahi du Espainiak, eta jarrera hori "miopia politiko oso handia" izatea dela uste du, "formula hori ez baita inoiz eraginkorra izan".
Horrez gain, bilera horren berri hedabideen bidez izatea kritikatu du Urizarrek, "legebiltzarrari jakinarazi" behar baitio.