"Munduko gure anaia iraultzaileekin, eta urruntzen gaituen distantzia gaindituz, beti saiatu izan gara ahalik eta elkartasun handiena eskaintzen praktikatzen dugun internazionalismoarekin bat eginez". Esaldi horrekin hasten da FARCek Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak ETAren desegiteari buruz zabaldutako oharra.
Idatzian babestu egiten dute erakundearen erabakia, eta gogorarazten dute "baldintza oso bereziek" bultzatu zutela ETA armak hartzera: "Miresten dugu euskal herritarren erresistentzia eta askatasun eta independentziaren aldeko borroka".
"Bere autonomia erabiliz ETAk erakunde armatua desegitea erabaki zuen", gogorarazten dute oharrean, eta adierazten dute aurrerantzean ere ETAko kide ohiekin elkarlanean aritzeko itxaropena dutela, "sor dezaketen erakunde politikoarekin, sartzen diren taldearekin edota indartzen duten harekin".
Joan den maiatzaren 4an, ofizialki eman zuen ETAk desegiteko erabakiaren berri, nazioarteko eragileen aurrean, Genevako Henri Dunant zentroan.