Kataluniari buruzko ETA-ren adierazpena-Erreakzioak

ETAren erabakiak ez duela Kataluniako Hiruko Gobernua hautsiko adierazi du Maragall presidenteak

PSCk, ERCk eta ICVk Kataluniako Gobernua eratzeko egindako hitzarmena sendo dagoela agertu du Pasqual Maragall Kataluniako presidente eta PSCko buruzagiak, eta, ondorioz, ETAren iragarenak ez duela itun hori hautsiko. Kataluniako Legebiltzarrean egin ditu adierazpen horiek Maragallek, presidentearen kontrolerako saioan.

2004ko otsailaren 18a
17:41
Entzun
"Ez ETAk gaur egindako su-eten iragarpenak, ez martxoaren 14ko Espainiako hauteskundeek, ez dute Kataluniako Gobernua baldintzatuko", aldarrikatu du Maragallek Parlamenetuko saioan. Beraz, gobernu hitzarmena hausteari uko egin dio.

ETAren erabakiaren berri jakin bezain laster, Kataluniako zenbait buruzagik, eta, batik bat, Espainiako alderdi eta agintariek, ERCrekin duen gobernu hitzarmena bertan behera latzeko eskatu diote Maragalli. Izan ere, atentatuen etetea ERCko idazkari nagusi Josep Lluis Carod-Rovirak ETArekin izan zuen bileraren ondorio izan zela iritzi diote.

Katalunian, CiUk zein PPren hango adarrak, egoera "bere onera itzultzeko" laguntza eskaini diote Maragalli, ERCrekiko ituna apur dezala iradokiz.

Espainian, Madrilgo Gobernuko buruzagiak eta PPkoak izan dira gogorrenak Maragallekin: ERCrekin gobernatzen segitzea onartezina dela esan diote. PSOEko buruzagi batzuk ere jarrera bertsua hartu dute; esaterako, Juan Carlos Rodriguez Ibarra Extremadurako presidenteak. PSOEko idazkari nagusi Jose Luis Rodriguez Zapaterok ETAren iragarpenak derrigorrean "ondorioak" izan beharko lituzkeela adierazi du. Ondorioak, lehendabizi, ERCren baitan, eta alderdi horretan edukitzen ez baditu, PSCk ERCrekin duen harremanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.