Auzitegiak

"ETAren espetxe frontea" osatzea egotzitakoak deklaratzen hasi dira

Apirilaren hondarrean auzipetu zituzten 47 lagunak gaur hasi dira deklaratzen Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen, eta bihar jarraituko dute. Auziaren oinarrian "mendekua" dagoela salatu du Amaia Izko abokatu eta auzipetuak auzitegira sartu aurretik.

2013an egin zuen Guardia Zibilak Herrira-ren kontrako polizia operazioa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
2016ko maiatzaren 9a
07:17
Entzun

Apirilaren 22an jakin zen Espainiako Auzitegi Nazionalak 47 lagun auziperatu eta 11/2013 sumarioan bildu zituela euskal presoen eskubideen alde aritutako hainbat lagun. 2013ko irailean hasitako polizia operazioen soka auzi bakarrean bildu zuen Eloy Velasco epaileak.

Abokatuak, Etxart-eko kideak, Jaiki Hadi taldekoak eta Herrira-koak daude auzipetuen artean. ETAko kide izatea egotzita auziperatu zituen Velascok 47 lagun horietako 46, eta laguntzaile izatea egotzita bat. Auzipetze autoa emango die Velaco epaileak, eta akusazioen inguruko galderak egin. Akusazioak ukatuko dituzte auzipetuek.

Amaia Izkok auzitegira sartu aurretik salatu du auzi honen oinarrian "mendekua" dagoela, "presoen eskubide eta giza eskubideen alde urteetan egin dugun lanagatik". Eta Arantza Zulueta abokatuaren kasuan mendeku hori "muturrera" eraman dela nabarmendu du, gogora ekarriz, bi urte daramatzala Puerto III espetxean, etxetik 1.000 kilometrotara, "isolamendu egoera anker eta lazgarrian".

11/2013 sumarioan batu dituzten lagunen kontra egiteko arrazoia, presoen egoeraren salaketa geldiaraztea dela uste du Izkok, baina halakorik ez dutela lortuko ohartarazi du.

"Estatuak eta Guardia Zibilak konponbide agertokiaren kontra eta ondorioz bakearen kontra egindako erasoak izan dira sumarioa honetan dauden operatiboak", esan du Izkok: "Horregatik jo zuten Herrira-ren kontra, eta horregatik egin zuten EPPKren kontra ere, hura konponbidearen alde agertu zen momentuan". Kolektibo horren asistentzia mediku, juridiko eta familiarren kontra egin badute, hura "birrintzeko eta itotzeko" helbuari segika egin dutela salatu du, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.