«ETAren eta Justiziaren biktima» direla salatu dute Bruño ahizpek epaiketan

Bosna urteko kartzela zigorrak eskatu ditu bi enpresarientzat fiskalak, ETAri 'iraultza zerga' ordaindu izana egotzita

Erredakzioa
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Blanca Rosa Bruño eta Maria Isabel Bruño enpresariak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten atzo, ETAren iraultza zerga ordaindu izana egotzita. Erakunde armatuari 6.000 euro eman izana leporatu die fiskalak, eta bosna urteko kartzela zigorra eta 27.000 euroko isuna eskatu du haientzat hargatik. Epaituek ukatu egin dituzte akusazioak eta egiten ari zaizkien «bidegabekeria» salatu dute: «ETAri laguntza ematea leporatzen ari zaigu, ETAren biktima izan arren». Estatuaren jarrera ezin ulertu daudela ere azaldu du Maria Isabel Bruñok azken hitza emateko aukera izan duenean: «ETAren estortsioaren eta Justiziaren biktima sentitzen gara».

Andres Bruño e Hijos enpresako presidente eta presidenteorde dira bi ahizpak, aurrez gurasoena zen enpresan. Ahizpek epaiketan jakinarazi dutenez, familiak 30 urte daramatza «ETAren mehatxuajasaten». 1980tik, lehen gutuna jaso zuenetik, aitak behin baino gehiagotan salatu zuen jendaurrean ETAren eskaera. Horregatik urteetan beldurra pasatu dutela ere kontatu zuten, eta, hori gutxi balitz bezala, orain auzitegien erasoa jasaten ari direla.Iraultza zerga «beren borondatez» ordaindu izana egotzita, hilabetez preso izan zituzten bi ahizpak. «Sinistezina da gertatzen ari zaigun guztia», esan zion epaileari Maria Isabel Bruñok. «30 urte daramatzagu izu honekin bizitzen. Oso gogorra da ETAren gutuna jasotzea, baina ez da samurragoa kartzelan bizitzea egokitu zaiguna, horrek dakarren guztiarekin».

2003an eta 2006an ETAren gutunak jaso zituztela azaldu dute enpresariek. Baina aitak ETAren eskaerak salatzean pasatzen zuten beldurra, «egunero auto azpian begiratu beharra» eta beste gogoratuta ez zutela gutunen berri eman. Hala ere, ETAri ezer ordaindu diotela ukatu zuten. Defentsako abokatuek biak aske uzteko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.