M-11ko atentatuak ikertzeko batzordea

"ETAren itzala" ikertzeko eskatu du Acebes ministro ohiak

Madrilgo sarraskiaren atzean ETA dagoela iradoki du Angel Acebes Espainiako Barne ministro ohiak, M-11ko atentatuak ikertzeko Espainiako Diputatuen Kongresuko Batzordean egin duen agerraldian. Acebesen arabera, atentatuen egileak nortzuk ziren zehaztu den arren, argitzeke dago "egile intelektualak" nortzuk diren. Hain zuzen ere, egile materialek ez zutela tamaina horretako sarraskia planifikatzeko gaitasunik esan du Acebesek, eta gertakari horietan guztietan "ETAren itzala" noraino heltzen den ikertzeko eskatu du. Halaber, PPko Gobernuak uneoro eskuetan zuen informazio guztia eta egiazkoa eman zuela ziurtatu du. Ildo horretatik, komunikabideak nork "toxikatu" zituen argitzeko galdegin du.

2004ko uztailaren 28a
15:33
Entzun
Acebesek agertu duenez, Madrilgo atentatuen egileak "gaizkile arruntak" baino ez ziren, eta, ondorioz, ez ziren gai tamaina hartako sarraskia pentsatzeko eta planifikatzeko. Ondorioz, M-11ko atentatuen "egile intelektualak" zeintzuk diren argitzeke dagoela esan du, eta, ildo horretatik, "ETAren itzala" noraino heltzen den ikertzeko eskatu du.

Acebesen arabera, Martxoaren 11ko atentatuetan "ETAren diseinuak" errepikatu ziren, eta, ondorioz, sarraskiaren atzean erakunde armatu hori egon litekeela iradoki du.

Atentatuak gertatu ondoreng orduetan PPko Gobernuak uneoro eskuetan zuen informazio guztia eman zuela eta inoiz ez zuela gezurrik esan ziurtatu du Barne ministro ohiak. Aitzitik, zenbait komunikabideri eta oposizioko alderdiei —batik bat, PSOEri— informazioa manipulatzea egotzi die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.