Gaur gose greban 94. eguna betetzen duen Iñaki de Juana presoari egindako elkarrizketa plazaratu zuen herenegun Erresuma Batuko The Times egunkariak. Presoaren hitzak ez ezik, haren egoera larriaren lekukotasuna ematen duten argazkiak plazaratu zituen, eta horrengatik guztiagatik, kritika gogorrak jaso ditu Espainian, batik bat, eskuin inguruko komunikabideek egindakoak.
Kritika horiei aurre eginez editoriala plazaratu du gaur The Times-ek, eta elkarrizketa horrek "ETAri arnasa eta publizitatea" emateko barik, presoaren pentsamendua zein den gizarteari adierazteko balio duela argudiatu du; besteak beste, kontzientzia arazorik ez duen gizon bat dela erakusteko.
Gainera, herenegun plazaratu zuten artikuluak "Espainian jende askok murriztu egin nahi duen dilema bat argitzeko" balio duela esaten du editorialak. Izan ere, The Times-en arabera, hauteskundeak irabazi zituenez geroztiko krisirik sakonena bizi du egun Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak, besteak beste, PPk etengabe erasotzen diolako su-eten garaiko hitzegiteko prestutasunagatik, ETAren nahierara ibiltzea leporatuta.
Ildo horretatik, ETAren kontrako politika, egun, ez duela Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok gidatzen baieztatzen da The Times-eko editorialean, baizik eta auzitegiek hartu dutela gidaritza hori. Hala, De Juanaren inguruko erabakiak auzitegiek hartu dituztela, edota Jarrai, Haika eta Segiren kontrako epaia aipatzen ditu. "Auzitegi Gorena izan da separatismoaren jarraitzaile nerabeek osatutako hiru kale talde "erakunde terrorista" izendatu eta ETArekin ltou dituena. Horrek talde horietako 18 kide atxilotzera behartu du Polizia,atzo [herenegun] tren geltoki batean lehertu zen lehergailu bat azal dezakeen indarkeriazko erreakzioa eraginez".
Amaieran, "terroristek armak uzteko" modua "elkarrizketak eta denbora" direla dio, "britainiarrek ondo dakiten bezala". Espainian, ordea, halako zerbaiti heltzeko "zauriak eta emozioak" gordinegi daudela erantsi du.
Politika
ETAren kontrako politika Espainiako Gobernuak barik auzitegiek gidatzen dutela dio 'The Times'-ek
Iñaki de Juanari egin zion elkarrizketaren harira, Euskal Herriko gatazkari buruzko editoriala egin du Erresuma Batuko egunkariak. "Terroristek armak uzteko" elkarrizketak eta denbora asko behar direla esaten du, baina Espainian zauriak eta emozioak gordinegi daudela halako zerbaiti heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu