"ETAren mehatxuaren amaiera" bi agintaldi sozialisten ondoren izan dela azpimarratu du Lopezek

CISen inkesta auzitan jarri du Urkulluk, "horrentzat Araban soilik PP eta PSOE existitzen direlako". Inkestako datuak eskuan hauteskundeak irabazita dituztelakoan gehiegi ez lasaitzeko eskatu du Basagoitik. 

2011ko azaroaren 5a
18:04
Entzun

PSE-EEk Portugaleten egin du gaurko kanpainako ekitaldi nagusia, eta Patxi Lopez lehendakariak azpimarratu du bi gobernu sozialisten ostean utzi duela ETAk borroka armatua: "Jendeak askok hartu du parte ETAren aurkako borroan, baina irmotasun demokratikoa ezarri duten bi gobernu sozialistekin amaitu da ETAren mehatxu terrorista".

2008ko hauteskundetako botoak bakerako eta askatasunerako izan zirela esan du Lopezek, eta modu berean, orain PSE-EEk jasotzen dituenak batasunerako eta elkarbizitzarako izango direla gaineratu du. "Euskadirentzat ez dira gauza bera Rubalcaba eta Rajoy, eta ez gara berdinak nazionalistak eta sozialistak".

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak, hain zuzen, lehendakaria izan du hizpide jeltzaleek Laudion egin duten ekitaldian, eta "protagonistmo artifiziala" nahi izatea leporatu dio. Urkulluk azpimarratu du euren programan "Euskadirentzat" estatutu politiko berri bat bilatzea dagoela, bakea eta elkarbizitza sendotzearekin batera.

"Lehendakariak, bitartean, akordioa eta kontsentsua aldarrikatzen ditu, baina besteoi, aldi berean, gizartea zatitzea leporatzen digu". Urkulluk, arazorik ez dagoen lekuetan arazoak sortzea leporatu dio Patxi Lopez lehendakariari, "gero sinistarazteko bera bakarrik dela gai horiek konpontzeko", esan du Urkulluk. 

CISen inkesta politikarien ahotan

CISen inkesta politikarien ahotan izan da gaur azaroaren 20ko hauteskundetako kanpainaren ekitaldietan. CISen inkestak ez dio EAJri ordezkaritzarik aurreikusten Araban, eta Iñigo Urkulluk zalantzan jarri du inkestaren emaitza: "Orain, sentsibilitate politiko guztiak aurkeztu daitezkeenean, dirudienez Araban ez dago abertzalerik, eta baldin badaude, dirudienez, gutxi dira inkestarentzat PP eta PSOE bakarrik existitzen direlako".

CISen arabera, Hego Euskal Herrian PSOE izango da indar nagusia, eta PP,  bigarren indarra. EAJk eta Amaiurrek, inkestaren arabera, hiruna diputatu lortuko dituzte. Amaiurrek bi lortuko ditu Gipuzkoan eta bat Bizkaian, eta EAJk bi Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Bi lurralde horietatik kanpo, ordezkaririk ez dute lortuko alderdi abertzaleek. Ezta Geroa Bai koalizioak Nafarroan ere.

Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak ere inkestek diotena ez sinesteko esan die PPko jarraitzaileei. Garaipena ematen dio inkestak PPri Espainian baina tentuz hartzeko emaitza eskatu du Basagoitik. Barakaldon (Bizkaia) egin duen ekitaldi politikoan bozkatzera joatera deitu ditu euren boto-emaileak, eta PPk hauteskundeak irabazita dituela sinetsita ez daitezela lasaitu eskatu die.

Amaia Fernandez Barakaldoko PPko bozeramaileak esan du PPren etsaia dena irabazita dagoelakoan gehiegizko lasaitasuna dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.