Ridao ERCko bozeramaileak nabarmendu du ETAren oharrik ez zela behar Carod-Rovirak esandako guztia sinesteko , baina, hala ere, oroitarazi du, ERCko idazkari nagusiak hasieratik ukatu zuela inolako hitzarmenetara iritsi zirenik. "Kontua ez da gure idazkari nagusiari azalpen gehiago eskatzea, guztiak eman baititu. Aitzitik, PPko Gobernua da Estatuko zerbitzu sekretuak bere alde erabiltzeagatik duen erantzunkizunari aurre egin behar diona", agertu du Ridaok.
"Carod Rovirak ez du deliturik egin, eta ez du bere gobernu jardunean ezer okerrik egin. Hala ere, zigor bat onartu du gobernuaren egonkortasuna bermatzearren. Zigor hori demokrazian onartezina den kargu publikoen jazarpenaren arduradunak libre dabiltzan testuinguruaren ondorio da. Hori baino askoz arazo arinagoatik, Gobernuko lehendakariorde ibatek, Narcis Serrak, dimisioa aurkeztu behar izan zuen",adierazi du ERCko bozeramaileak.
Josep Lluis Carod-Rovirak berak, ostera, ez du ETAren prentsa oharraren inguruko ezer esan nahi izan. Bakar-bakarrik agertu du "lasaiago" dagoela, "testuinguru politikoa" aldekoagoa sentitzen duelako.
Pasqual Maragall Kataluniako presidenteak, berriz, ETAk dioenaren inguruan ez duela inolako interesik esan du gaur, "izan ere, inori ez baitio ezertan leziorik eman", azpimarratu du.Maragallek erantsi du auzi horren guztiaren inguruan benetan kezkatzen duena bileraren albistea nork filtratu zuen jakitea dela.
ERCren eta ETA-ren arteko bilera
ETAren prentsa oharraren harira, filtrazioaren inguruko azalpenak Madrilek eman behar dituela berretsi du ERCk
Josep Lluis Carod-Rovira ERCko buruzagiarekin izandako bilerari buruzko azalpenak emanez prentsa oharra helarazi zuen atzo ETAk zenbait komunikabidetara. Besteak beste, ERCrekin ez zuela inolako hitzarmenik egin agertu du ETAk ohar horretan, eta, halaber, bilera horren berri "PPko Gobernuak eta Espainiako estatuaren zerbitzuek" zabaldu dutela dio. Hori dela eta, filtrazioaren ardura Espainiako Gobernuak bere gain hartu behar duela esan du Joan Ridao ERCko bozeramaileak. Pasqual Maragall Kataluniako Gobernuko presidenteak, berriz, ETAk dioena ez zaiola interesatzen adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu