Euskal Herriko gatazka

ETAren "zaintzarik" ez dutela onartuko berretsi dute EAJ, EA, PSE-EE eta EB-IUko ordezkariek

Ostiral goizetan Euskadi Irratian egiten duten politikarien solasaldian ETAren azken oharra izan dute aztergai partaideek. Ñabardurak ñabardura, EAJko Markel Olanok, PSE-EEko Ramon Etxezarretak eta EB-IUko Mikel Aranak prozesu politiko baten "zaintzaile" izateko borondatea antzeman diote ETAri, eta zaintza hori onartzeko prest ez daudela agertu dute. EAko Sabin Intxaurragak itxaropeneko zantzuak sumatu ditu ETAren azken mezu horretan, eta Batasuneko Barrenak, berriz, "aprobetxatu" beharreko abagune bat sortu dela uste du.

Javier Maurolagoitia, maratoirako entrenatzen. MARISOL RAMIREZ, ARP
2004ko urtarrilaren 2a
13:28
Entzun
Ezker abertzaleak abenduaren 16an Bergaran (Gipuzkoa) plazaratutako proposamena, hau da, Espainiako martxoko hauteskunde orokorretara autodeterminazioaren alde diren indarrek kandidatura bateratua aurkezteko ekimena, ona iruditzen zaiola jakinarazi zuen abenduaren 29an ETAk prentsa ohar baten bidez. Halaber, hautagaitza hori gauza dadin "beharko liratekeen neurriak hartu eta behar diren urrats guztiak emateko prestutasun osoa" duela nabarmendu zuen.

Adierazpen horrek hauts ugari harrotu du azken egunotan euskal politikagintzan, eta Euskadi Irratiko ostiral goizetako politikarien solasaldian ere gai hori izan dute mintzagai han bildutakoek.

Mezu horren edukiaz irakurketa diferenteak egin dituzte solaskideek. Batetik,EAJko Markel Olanok, PSE-EEko Ramon Etxezarretak eta EB-IUko Mikel Aranak ETAk prozesu politiko baten "zaintzaile" izan nahi duelaazpimarratu dute, eta ez daudela horrelakorik onartzeko prest. Hain justu, Etxezarretari iruditzen zaio abenduaren 29ko ohar horrek ETAk prozesu baten zaintzaile izan nahi duela baino ez duela adierazten, eta, ondorioz, epe laburrean ezer aldatzeko itxaropen gutxi sortu dio.

Ildo bertsutik, EB-IUko Mikel Aranak esan du ETAk prozesu bat bultzatu nahi badu, desagertzea eta indarkeria behin betiko baztertzea beste aukerarik ez duela. " ETAk prozesu bati bultzada eman nahi badio, desager dadila. Esan dezala, 'ez dut armarik eta indarkeriarik berriro erabiliko', eta, behin hori egin eta gero, alderdiok erabakiko dugu zer egin, ETAk ez baitu inolako ekarpenik egiten. Eman ditzala pausuak hasieratik, ordena ere inportantea baita. Finean, zaintza borondatea ikusten dut, eta hor onartezina da", adierazi du.

ETA baldintzak ezartzen ari dela argi ikusten du EAJko Markel Olanok ere: "Ohar horretan 'baldin eta' aipatzen du eta mahai gainean jartzen du ETAk, eta euskal politikagintza baldintzatzeko intentzio nabarmena du. Asmo horrek kalte besterik ez du egiten, baldintza negatibo bat jartzen baitio euskal politikagintzari". EAJko kideak ez dio ez "logika politikorik", ez "inteligentzia politikorik" sumatzen ETAren jarrerari, baizik eta indarraren logika. Ildo horretatik, ETAk bokazio politikoa izatea kaltegarria da. "ETAk eragile politiko gisa duen bokazioa da beste guztiok kaltegarri ikusten duguna. Azpimarratu beharra dago euskal politikagintzako eragile bakarrak herri ordezkaritza dutenak direla, eta horiek izan behar dutela prozesuetako protagonistak", esan du.

EAko Sabin Intxaurragak nabarmendu du ETAk prozesuren bat "zaintzeko" asmoa balu, hori onartezina litzatekeela, baina, era berean, "itxaropenerako zantzuak" ikusi ditu ETAren azken oharran; Intxaurragak uste du, ETA ohartu dela indarkeriaren estrategiak ez duela inolako etorkizunik. "Prozesu bat abian jarriko balitz, eta ETA prozesu horren interprete bihurtuko balitz ez nuek onartuko, indar politikoei baitagokie prozesu politikoak gidatzea eta ez indar militar bati", nabarmendu du. "Hala ere, interpretazio positiboena egin nahi nuke, eta pentsatu nahi dute 2004 honen atarian, ETA konturatu dela indarkeriak ez daukala tokirik, gorrotoa bakarrik sortzen duela, eta hori ez dela herria eraikitzeko baliagarri", esan du EAko ordezkariak. Ildo horretatik, indar abertzaleen elkarlana bultzatzearen alde agertu da Intxaurraga: "Uste badugu gure herriak bere lekua izan dezan abertzaleon arteko elkarlana behar dela, bide hori irekitzeko aukerak daudela, uste dut aprobetxatu egin beharko genukeela".

Batasuneko Pernando Barrenaren arabera, ETAren oharraren irakurketa "oso sinplistak" egin dira. "Problema ez da ETA desagertu edo ez, baizik eta ETAren existentzia arrazoitzen duten gakoak desagertzea. Bestela gerta daiteke ETAk bihar bertan erabakitzea desagertzen dela, baina horren atzean dagoen arrazonamendu osoa indarrean egonik, hemendi bi hilabetera sortzea tankerako beste gauzaren bat. Horregatik, inportanteena da herri honetako defizit demokratikoa amaitaraztea, hain zuzen, horrek bortxazko dinamikak justifika ditzakeelako", argudiatu du Barrenak.

Beste solaskideek "zaintza borondatearen" inguruan egin dituzten salaketak direla eta, haiek guztiak "zaintzaren tranpan" erorita daudela adierazi du Batasuneko kideak; funtsean, ETAk baldintzak jartzen dituela kritikatzen dutenek, azkenean, ETAk baldintzatuta jokatzen dutela esan du. "Azkenaldi honetan indar aliantza berriak eskainiz proposamenak mahai gainean jartzen direnean, aipatzen da ezinbesteko baldintza gisa ETAren jarrera, ETAk bat egin behar duela, edo ETAk bestea egin behar duela. Eta hori kontraesankorra da: azken finean, beharrezkotzat jotzen badute ETAk zerbait egitea, edo jarrera jakin bat hartzea ekimen politiko bat gauzatu ahal izateko, ari dira onartzen ETAren jarrera garrantzitsua dela panorama politikoa era batekoa edo bestekoa izateko".

Nolanahi ere, ezker abertzaleak abenduaren 16an egindako proposamenaren haritik Euskal Herriak herri gisa aurrera egiteko "aukera historiko" bat sortu dela iritzi dio Barrenak, eta ETAren azken oharrak indartu egin duela aukera hori. "Bakerantz eta autodeterminaziorantz aurrerapausu itzela emateko aukera sortu da. Nire beldurra da, ordea, ikusten ari naizen jarrerak ikusita, abagune hau ez ote den alferrik galduko", esan du. Hori dela eta, egungo abagunea "aprobetxatu" egin behar dela azpimarratu du Batasuneko kideak: "Baldintzak onak dira, eta horretan sinesten dugun guztioi dagokigu aprobetxatzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.