Auzitegiak

ETArenak ez dira "gizateriaren aurkako krimenak", Auzitegi Nazionalaren arabera

Espainiako Auziegi Nazionaleko 3. Zigor aretoko epaileek atera dute autoa: "Argi dago ezin direla gertaera horiek gizateriaren aurkakotzat jo".

Berria.eus
2016ko apirilaren 8a
20:37
Entzun

ETAren jarduera ezin da jo "gizateriaren aurkako krimentzat". Hala ebatzi dute Alfonso Guevara, Angeles Barreiro eta Fermin Echarri epaileek. Ez baitu egin "biztanleria zibilaren edo haren parte baten aurkako eraso orokor eta sistematikorik". Hala argudiatu dute epaileek: "Terrorismoa eraso modu hilgarria dela, biktima kopuru handiari eragin diezaiokeela eta nazioz gaindiko izaera izan dezakeela onartuta ere, hori bakarrik ez da nahikoa terrorismo hori gizateriaren aurkako krimenek dituzten ezaugarri teknikoen barruan sartzeko".

Delitu hori egozteko, epaileen esanetan, hainbat irizpide bete behar dira: erasoak "sistematikoak" izatea, eta ondorioz "estatua bere gain hartzea edo kolapsatzea". Dignidad y Justicia elkarteko presidente Daniel Porterok jarri zuen salaketa, Luis Portero fiskalaren hilketaren harira, baina epaileek ebatzi dute ez dela hori onartzeko baldintzarik betetzen ETAren kasuan, ezta, zehazki, Porteroren hilketaren kasuan ere.

Gonzalez epailearen irizpidearen aurka

Auto hori kontrajarria dago, ordea, iazko urrian Juan Pablo Gonzalez epaileak hartutako erabakiarekin. Hark, genozidio delitua baztertu arren, onartu egin zuen gizateriaren aurkako krimenengatik ETA ikertzea, eta bost lagun auzipetu zituen: Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo, Aitor Elizaran eta Josu Urrutikoetxea. Elizaranek urtarrilean deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, eta aske utzi zuten ondoren, badaezpadako neurriekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.