politika

ETArenak izan daitezkeen beste bi zulo aurkitu dituzte Frantzian

Camplongen aurkitutako zuloan polizien arabera "leherkari ugari" zegoen. Bestalde, atzo atzemandako ustezko hiru etakideak Montpellierrera eraman dituzte.

2009ko abuztuaren 20a
19:24
Entzun
Frantziako hegoaldeko Camplong herrian (Herault departamendua) zulo bat aurkitu du gaur Frantziako Poliziak. Poliziaren arabera bertan "leherkari ugari" zegoen. Leherkariaz gain, bi pistola, osagai elektronikoak, kartutxoak, detonagailuak eta lehergailuak egiteko beste hainbat material zeudela jakinarazi dute. Bordelen (Frantzia) ere beste zulo bat aurkitu dute gaur, baina horretan armarik ez zegoela nabarmendu du Poliziak.

Azken datuen arabera, Frantziako Polizia Heletan (Behe Nafarroa) dagoen gordeleku txiki bat ikertzen ari da.

Atzo, Frantziako Poliziak Alberto Matxain iruindarra, Aitzol Etxaburu ondarrutarra eta Andoni Sarasola lesakarra atxilotu zituzten Le Corbier Villaremberteko eski estazioko (Saboiako departamenduan, Frantziako Alpeak) etxe batean. ETAren aparatu militarreko "logistika arduradunak" izatea eta ETAko hainbat talderi armak eta leherkariak hornitzea leporatu die hirurei. Lyongo polizia etxeatik Montpellierrera (Frantzia) eraman dituzte hiru lagunak, berri agentzien arabera. Beraz, litekeena da bihar Parisera eramatea -96 orduz egon daitezke inkomunikatuta polizien esku epaileak deklarazioa hartu aurretik-.

Atxiloketa horien ostean, Ferrieres herrian, Frantziako Pirinioetan, poliziek zulo bat aurkitu zutela jakinarazi zuten. Bertan, lehergailuak egiteko erabili ohi den ehun kilo amonio nitrato eta hamabi litro nitrometano atzeman zituztela adierazi zuen Rubalcabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.