politika

ETArenak izan daitezkeen beste bi zulo aurkitu dituzte Frantzian

"Bonba-lapa bat, leherkari ugari eta 15 pistola" atzeman dituztela jakinarazi du Poliziak.

2009ko abuztuaren 21a
16:37
Entzun
ETArenak izan daitezkeen beste bi zulo aurkitu dituzte Frantziako hego-ekialdeko Ferrals les Montagnes eta Herault herrietan. Zuloen barnean "bonba-lapa bat, leherkari ugari eta 15 pistola" atzeman dituztela adierazi du Poliziak.

Herenegun, Frantziako Poliziak Aitzol Etxaburu, Alberto Matxain eta Andoni Sarasola ustezko etakideak atxilotu zituen, Le Cobier Villaremberteko eski estazioko etxebizitza batean, Frantzian.

Atxiloketa horiekin hasitako polizia operazioari "jarraipena emanez" zulo bat aurkitu zuten egun berean Frantziako Pirinioetako Ferrieres herrian. Bertan lehergailuak egiteko erabili ohi den ehun kilo amonio nitrato eta hamabi litro nitrometano aurkitu zutela esan zuen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak.

Atzo, beste hiru zulo atzeman zituzten. Lehenengo biak Frantzian, bata hego-ekialdean, Camplongen, eta, bestea Bordele hiriaren inguruan; hirugarrena aldiz, Euskal Herrian, Heletan (Nafarroa Behera). Frantzian aurkitutako zuloetan "ehunka bonba-lapa egiteko adina material" zegoela jakinarazi du Espainiako Barne Ministerioak ohar batean Camplongeko zuloan "leherkari eta arma ugari" zeuden.

Etxaburuk, Matxainek eta Sarasolak inkomunikatuta jarraitzen dute Lyongo polizia etxean eta gaur Parisera eman ditzakete, epailearen aurretik igarotzeko. Frantziako legediak atxilotuak 96 orduz inkomunikaturik edukitzea baimentzen du, epaileak deklarazioa hartu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.