"ETAri dei egiten diogu jarduera armatua behin betiko amaitzeko, eta Frantziari eta Espainiari elkarrizketa zabaltzeko"

Nazioarteko Konferentziko partaideak Donostiako Bakearen Etxean bileran izan dira 14:00etatik, eta ondoren Annan, Ahern, Adams, Powell, Joxe eta Harlem nazioarteko buruzagiek ebazpenaren berri eman dute. Bi parteek "gatazka armatuaren ondorioez soilik" hitz egin beharko lukete, eta buruzagiak prest azaldu dira "gomendio horiei" jarraipena egiteko batzorde bat osatzeko. Eragile politikoei ere dei egin diete: gai politikoei buruz hitz egin dezatela, eta lor ditzaketen emaitzei buruz herritarrei galdetu diezaietela. Eragile asko izan da konferentzian.

2011ko urriaren 17a
08:35
Entzun

"ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko", eta, "hori egingo balitz, Frantziari eta Espainiari gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko". Hala esan dute nazioarteko sei buruzagiek Donostian, Euskal Herrian Bakearen Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren amaieran, euren ebazpena leitzean. Bertie Ahernek irakurri du testua, Bakearen Etxean, beste bostak ondoan zituela. 

Gaur egun posible da "50 urte baino gehiagoko indarkeria" amaitzea, haien arabera, eta "bakea eskuratzeko benetako aukera" dagoela uste dute; "bake iraunkorra eta justua eskuratzeko aukera une honetan bideragarria eta eskuragarria da".

Eragile politikoei ere dei egin diete nazioarteko buruzagiek: gai politikoei buruz hitz egin dezatela, eta lor ditzaketen emaitzei buruz herritarrei galdetu diezaietela. "Eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezela iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagundu dezakeelako".

14:00etan hasi dute konferentzia, ateak itxita, eta nazioarteko buruzagiak 17:10ak aldera hasi dira ebazpena irakurtzen: Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohia. Hiru bat minutuko agerraldia izan da haiena; ingelesez leitu du Ahernek.

Bost puntuko adierazpena irakurri du, eta, ETAri eta gobernuei aipamena egiteaz gain, "errekomendazio horien bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna" agertu dute.

Halaber, biktima "guztiak" hizpide izan dituzte: ”Eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu”.

Eragile asko konferentzian

Nazioarteko buruzagiekin batera Euskal Herriko hainbat alderdi eta sindikatutako ordezkari izan dira Bakearen Etxean gaur: EAJ, ezker abertzalea, PSE-EE, Aralar, EA, AB, EB, Alternatiba, UMP, PSF, Modem, Geroa Bai, Ezkerra, ELA, LAB, CCOO, UGT eta CFDTkoak.

Eguerdian hasi dira parte-hartzaileak iristen. Annan 13:09etan heldu da, segidan nazioarteko beste buruzagiak, eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Brian Currin hegoafrikar bitartekariak eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek hartu dituzte. Baita alderdietako, enpresen elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariak ere —horiek denak nazioarteko buruzagiak baino lehenago ailegatu dira—.

PSE-EEtik Jesus Egiguren alderdiko presidentea eta Carlos Totorika Ermuko alkatea azaldu dira. Totorikak egin ditu adierazpenak, eta "ETA garaituta" dagoela esan du.

Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria eta Juan Joxe Petrikorena agertu dira, EAJk Iñigo Urkullu eta Joseba Aurrekoetxea, EAtik Pello Urizar, Aralarretik Rebeka Ubera, EBtik Mikel Arana, Alternatibatik Oskar Matute, ELAtik Adolfo Muñoz, LABetik Ainhoa Etxaide...

Alderdiez gain, azken egunetan hainbat hautetsik ere babesa agertu diote konferentziari, tartean, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez ohi eta Paueko Kontseilu Nagusiko kideak eta Jean-Jacques Lasserre senatariak. Frantxua Maitia (PS) ez dago, baina haren ordez Frederique Espagnac senadorea dago —Francois Hollande PSren presidentegaiaren hurbilekoa da—.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez duela parte hartuko iragarri zuen. Atzo Patxi Lopez lehendakariak New Yorken esan zuen errespetatzen duela, eta ETAri armak uzteko baliatu dezala dei egin dio. Hala ere, garrantzia kendu nahi izan zion Lopezek, esanez "demokraziak" ez duela bake konferentziarik behar izan "ETA menderatzeko", eta gaur egungo egoera ez dela konferentzia baten ondorio, "baizik eta Zuzenbide estatuaren irmotasunarena".

EAk mahai politikoa eta teknikoa eratzeko proposamena egin du

Bilera itxia den arren, EAk han esandakoaren berri jakinarazi du hirurak aldera. Bi mahai eratzeko proposamena egin du: bat, alderdien arteko mahaia litzateke —"konponbidea" lortzeko akordioa egiteko—; bestea, ETAren eta gobernuen arteko mahai "teknikoa" —presoez eta desarmeaz aritzeko; "ETAri ez dagokio bestelako eginkizunik"—.

"Gatazka politikoa konpontzeko indarkeriarik eza, bide demokratikoak eta elkarrizketa politikoa" behar direla esan du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Bakearen Etxeko batzarrean. Espainiako eta Frantziako gobernuei urratsak egiteko eskatu die; besteak beste, euskal presoak gerturatzeko eta Parot doktrina amaitzeko. Biktima ororen aldeko lana egin behar dela ere azpimarratu du.

Konferentzia sustatzaileak

Lehengo asteartean aurkeztu zuten Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Hauek dira ekimenaren sustatzaileak: Berghof FoundationConciliation ResourcesThe Desmond and Leah Tutu Legacy FoundationHarremanetarako Nazioarteko Taldea (Euskal Herria) eta Lokarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.