ETAri laguntzea leporatu die fiskalak Parisko epaiketako abokatuei

Zigorrik handiena eskatu du Estatuaren ordezkariak Mikel Albisu eta Marisol Iparragirrerentzat

Urdanpilleta, Arranbide, Inçabi eta Juan Kruz Maizaren senitarteko bat, Parisko auzitegian. BERRIA.
Koldo Aldabe.
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Jean-François Ricard fiskalak iskanbila eragin zuen atzo Parisko Auzitegian, besteak beste Mikel Albisu Mikel Antza eta Marisol Iparragirre epaitzen ari diren auzi saioan, defentsako abokatuei ETAri laguntzea leporatu zienean. Ricard fiskala epaiketaren amaierako azalpenak egiten ari zen, hiru ordu eta erdi luzez, epaileak ere luzatzen ari zela ohartarazteraino. Muinera joan eta zigor eskaerak egin beharrean, ordea, akusatuen aulkian direnen abokatuei zuzendu zitzaien eta ETAri laguntza ematea leporatu zien.

Epaiketako lekukoek BERRIAri azaldutakoaren arabera, Philippe Vandingenen epaileak fiskalaren mintzoaren aurrean ezer egin ez zuela ikusita, Antoine Comte abokatua —oso abokatu ezaguna da Frantzian, eta epaiketa honetan ofizioz dihardu— aulkitik altxatu eta «nahikoa da!» oihu egin zuen. Ricarden hitzak aintzat hartuta, epaiketa horretatik abokatuak ere inputatu gisa irten zitezkeela ohartarazi zuen Comtek eta defentsa eskubidea erabat urratuko litzatekeela.

Epaileak lasaitzeko eskatu zuen orduan, baina Comte auzi gelatik irten zen eta defentsako beste abokatuek eten egin zuten auzi saioa.

Dekanoaren esku-hartzea

Iskanbilaren ondorioz, abokatuen dekanoak esku hartu behar izan zuen, eta orduan ere tentsio uneak izan ziren, fiskala ez baitzen esandakoa erretiratzeko asmotan,aurrerantzean «apalago» jardungo zuela hitzeman zuen arren.

Azkenean, auzi saioak aurrera egin zuen.

Herenegun ere Ricard fiskala protagonista izan zen, Peio Alcantarilla akusatuak —sarekada hartan Guardia Zibilak atxilotutako bakarrak— salatutako torturak gutxietsi zituenean. Ricardentzat, Alcantarillak «hitzez hitz errepikatu ditu ETAren kontsignak», eta «faltsuak» dira. Fiskalak esan zuen «Espainian eta Frantzian» ez dela torturatzen, eta epaimahaiari aholkatu zion «ez nahasteko Franco diktadorearen Espainia eta Zapateroren Espainia demokratikoa».

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreuk eta Leonor Ladron de Guevara auzitegi medikuak epaiketan deklara zezaten eskatu zuen Alcantarillaren defentsak, haiek izan baitziren Alcantarillaren inkomunikazio aldian parte hartu zuten epailea eta auzitegi medikua, baina epaileek ez zuten eskaera onartu.

Atzoko auzi saioan, fiskalak hogeita hamarna urteko kartzela zigorra —eska litekeen zigorrik handiena da— eskatu zuen Mikel Albisurentzat eta Marisol Iparragirrerentzat, 2004an, atxilotu zituztenean, ETAko buruzagitzako kide izatea leporatuta. Juan Kruz Maizarentzat, berriz, hogei urteko kartzela zigorra eskatu zuen, «logistika taldeko» kide izatea leporatuta.

Gainontzeko akusatuei ETAren armak gordetzeko etxeak eta jabetzak uztea leporatzen diete, eta bost urtetik hamabost urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak. Hain zuen ere, hamabost urteko zigorra eskatu du Peio Alcantarillarentzat, hamabikoa Joxe Ramon Aranorentzat, beste hamabi urteko kartzela zigorraMikel Negreterentzat, zazpikoa Xabier Oxarangorentzat, beste hainbestekoa Robert Arranbiderentzat, seikoa Lurdes Urdanpilletarentzat eta bostekoa Miriam Inçabirentzat.

Defentsa abokatu Jean François Blancok, bestalde, ETAren eraso ekintzen etenari egin zion erreferentzia, eta «luzatutako eskua ez aprobetxatzea dramatikoa» litzatekeela esan zuen. Auzi horren oinarrian torturak daudela ere salatu zuen. Alcantarillak salatu dituen torturak, hain justu.

Prentsa ohar batean, zigor eskaerak «krudelak bezain alferrekoak» direla esan du Askatasunak, eta justizia baino gehiago mendekua dutela helburu, eta epaimahaiak, fiskalaren bidetik joanez gero, gatazka politikoa luzatzearen alde egingo duela.

Egunotan defentsako abokatuen txanda izango da, eta auzia epaiaren zain geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.