Euskal Telebista LTD bidez Nafarroan ikusteko, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmena. Horrelaxe erantzun dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Aitor Esteban EAJko parlamentariari. Iragan urriaren 25ean Nafarroako Parlamentuak ETB LTD bidez ikusi ahal izateko sarea digitalizatzea eskatu zuen. UPNk eta PPNk izan ezik, gainontzeko alderdi guztiek babestu zuten ekimena.
Estebanek azaldu du sarea digitalizatzea “behin-behineko” neurria litzatekeela. “Nafarroako Gobernuari ez lioke gasturik ekarriko”. Isunen eta bestelako oztopoen bidez ETB Nafarroan ikustea ez galarazteko eskatu dio Estebanek. “Ez dauka zentzurik Aragoiko edo Frantziako telebistak ikusi ahal izatea Nafarroan eta ez ETB, are gehiago kontuan hartzen badugu Europako hizkuntza gutxituen gutuna”.
Iragan urrian, Espainiako Industria Ministerioak 54.000 eurora handitu zuen EAri jarritako isuna. EITB Iruñerrian ikusi ahal izateko hedagailua jarri zuten alderdiko hainbat kidek.