EITBk ohar baten bidez jakinarazi duenez, bihartik aurrera ikusgai izango da ETB Iruñerrian lurreko telebista digital bidez (LTD), eta pixkanaka emisioa Nafarroa osora zabalduko da. EITBk Iruñerriko Erreniegako eta Ezbakako seinale analogikoa digitalizatuko du, eta bihartik aurrera zonalde horretan LTD bidez ikusi ahalko da euskal hedabide publikoa. Hala ere, Nafarroako Gobernuaren oharrean iragarritakoaren arabera, ez dago argi zer gertatuko den.
Oharrean azaltzen duenez, "ETBri eman ez zaion frekuentzia okupatuko" luke telebistak, eta emisio lizentzia EAEra "mugatua" dauka. "Oso larria" deritzo Nafarroako Gobernuari ETBren jokaera, eta "lehenbailehen" erabakia "zuzentzeko" eskatu dio, emanaldiak "euskal erkidegoko lurraldearen barrura mugatzeko".
Nafarroako Gobernuak azaltzen duenez, "bigarren saiakera da" azken bi urteotan. "2012an Eusko Alkartasuna seinalea digitalizatzen saiatu zen Ezkaba mendian legez kanpoko antena ezarrita, zeina gobernu zentralak itxi zuen. Gainera ekimen horren bultzatzaileek 54.000 euroko isuna ordaindu behar izan zuten legez kanpoko jarduera egiteagatik".
Eusko Alkartasunak pozarren hartu du EITBren erabakia, eta uste du nafar gehienen gustuko erabakia izango dela, UPNk esanak esan. Onartezintzat jo du Nafarroako Gobernuaren erabakia: «Beste behin, UPNk duen euskararen kontrako obsesioa dela eta, Nafarroako aniztasun lingustikoaren kontra egiten du». EAk berretsi du normalizazioaren alde lanean segituko duela, traben gainetik.
EITBren iragarpena
EITBk emanaldiaren iragarpena Nafarroako Gobernuaren oharraren aurretik etorri da. Telebista kate publikoaren arabera, emanaldia pixkanaka zabalduko da Nafarroa osora. ETB1, ETB2, ETB3 eta ETBK Sat kateak ikusi eta Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea, EITB Musika eta Radio Vitoria entzun ahalko dira.EITB berak jakinarazi duenez, lehen digitalizazio urrats horren ondorioz Nafarroako lurraldearen erdian ikusi ahako da
LTD bidez telebista. Nafarroako Parlamentuak EITBri eskatu zion iragan urriaren 25ean sarea digitalizatzeko.
ETB1 eta ETB2 kateak analogikoan ikusten ziren tokian, ETB1, ETB2, ETB3 eta ETBK Sat kateak ikusi ahalko dira digitalean bihartik aurrera. Horrez gain, sare digitalak EITB taldeko irratiak entzuteko bidea emango du; Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea, EITB Musika eta Radio Vitoria entzun ahalko dira telebista bidez.
Aste batzuez utziko dute oraindik ETB1eko seinale analogikoa. Hala ere, bihartik aurrera beharrezkoa izango dute ikus-entzuleek telebista berriro sintonizatzea. Euskal Telebista publikoaren webgunean zerrendatu dituzte Erreniega eta Ezkaba hedagailuek biltzen dituzten herriak. Halaber, EITB LTD bidez ikusi ahal izateko argibideak jarri dituzte.
Nafarroan 2009tik ez da ikusten Euskal Telebista, LTD bidez emititzen ez duelako herrialde horretan. Soilik zenbait lekutan ikus daiteke. Harrezkero hainbat izan dira Nafarroako Gobernuari eta EITBri egin zaizkien eskaerak ikusi ahal izan dadin, batik bat, haurrek marrazki bizidunak euskaraz ikusi ahal izateko aukera bakarra delako. Bi horiek negoziatzen izan dira, baina aurten martxoan negoziazioa eten zuen Barcinak, eguraldiaren mapak "Nafarroaren errealitatea" errespetatzen ez zuela argudiatuta.