Euskal Telebistako Langile Batzordea Navarra Directo saioko hamabi langileren kaleratzeen aurka azaldu da, eta hedabide taldeari eskatu dio programa lurralde telebista digital bidez ikusi ahal izateko ahalegina egin dezala. "Arrazoi ideologikoak" ikusten ditu atzean.
"Saioa ezinbestekotzat jotzen dugu ETBk Nafarroako jendarteari ere eskaintzen dion zerbitzu informatibo aproposaren bidean, telebista publikoak eskaini behar duen ildotik", esan du Langile Batzordeak. "Ez dugu ulertzen ETBko zuzendaritzak nola egiten dion uko Nafarroan LTD sarea hedatzeari, bere ikuslego naturalaren laurden bati bizkar emanez. Ikuspegi ekonomiko batetik ere ulergaitza da edozein enpresak horrelako erabakia hartzea. Hau da, bere bezero potentzialaren zati esanguratsu bat galtzea onartzea arrazoi ideologikoengatik".
ETBko zuzendaritzari Navarra Directo saioari, egitura guztiari eta langile guztiei eusteko exijitu dio.