ETBko langileek "harridura eta haserrea" adierazi dute hedabideko zuzendaritzaren jokaerarekin, "honek taldeko komunikabide publikoak erabili dituelako EITBko langileok gezurretan gabiltzala esateko eta eurak gezurretan aritzeko". Jokabide hori "salatu" dute langileek, baita "ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek komunikabide pribatu batean ETBko langileak iraindu eta arlo profesionaleko gatazka bat esparru politikora eraman izana" ere.
Telebistako zuzendaritzak erredakzioko kazetari bati espedientea irekiko diola-eta atera da argitara afera. ETBko beharginek berretsi dute Juan Carlos Viloria Politika arloburuak EAEko Estatutuari buruz berak idatzitako testua "inposatu" nahi izan ziola erredaktore bati, honek ez zuela onartu, eta azkenean bideo hori ez zela emititu eguerdiko albistegi batean.
EITBko langileek "denona eta denonzat den kalitatezko telebista publiko baten alde lan egiteko konpromisoa" dutela adierazi dute.
Euskal Telebistako Langile Batzordeak (ELA, LAB, KLB, CCOO) eta Langile Batzarrak aho batez onartu dute gaur idatzia, batzarrean. Taldeko langile guztiei, EITBko zuzendari nagusiari, Eusko Legebiltzarreko taldeei eta EITBko Administrazio Kontseiluko kideei banatuko diete idatzia. Bi bilera eskaera egin dituzte, halaber: Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiari eta EITBko Administrazio Kontseiluko txandako presidenteari.
Euskadi Irratiko, Radio Vitoriako eta Radio Euskadiko langile batzordeek bat egiten dute ETBko Langile Batzordea eta Batzarrak gaur onartutakoarekin.
Lehengo astean EITBko hainbat langilek Adierazpen askatasuna-zentsurarik ez lelopean elkarretaratzeak egin zituzten Bilboko eta Miramongo (Donostia) egoitzen aurrean.
komunikabideak
ETBko langileek taldeko zuzendaritzaren jokabidea salatu dute
Langile Batzordeak eta Langile Batzarrak diote hedabideko taldeko zuzendaritzak "komunikabide publikoak erabili" dituela "EITBko langileok gezurretan gabiltzala esateko eta eurak gezurretan aritzeko". Telebistako buruzagitzak erredakzioko kazetari bati espedientea irekiko diola-eta atera da argitara afera. Euskadi Irratiko, Radio Vitoriako eta Radio Euskadiko langileen batzordeek bat egin dute ETBko lankideekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu