Herritar talde batek kanpaina bat abiatu zuen asteazkenean, Euskal Telebistan euskaldunei gazteleraz eginaraz ez diezaieten. Botoa emateko webgunea prestatu du horretarako, eta dagoeneko 1.100 sinaduratik gora bildu dituzte.
"Euskaraz nahiz erdaraz berdin hitz egin ahal izatea gauza ederra da. Baina bietan berdin hitz egin ahal izateak ez du esan nahi berdin zaigula batean ala bestean jardutea. Ez luke hala behar behinik behin, zeren egunen batean herri honetako elebidunei berdin bazaigu euskaraz ala erdaraz egitea, euskara galbidean dela esan ahal izango dugu", dio sinatzeko kanpainan prestatutako agiriak.
Agiri horretan diotenez, Euskal Telebistan elkarrizketak eta adierazpenak euskaraz eta gazteleraz egitea aspaldiko ohitura da, eta, horren ondorioz, "euskara ikusezin bihurtu" da euskaraz bizi ez direnentzat, eta ondorioak "euskararentzat kaltegarriak" dira.
"Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela". Hain zuzen, "eredugarriak izan daitezkeen pertsonak euskaraz entzuteak" euskararen aldeko hautua egin dutela erakusten duela argudiatu dute.
EUSKARA
ETBn euskaldunei gazteleraz ez eginarazteko kanpaina hasi dute Interneten
Kanpainak asteazkenetik 1.100 sinaduratik gora bildu ditu. Salatu dute euskaraz bizi ez direnentzat euskara ikusezin bihurtzen dela euskaldun jendeari gazteleraz eginaraztearen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu