Hogei egun izango ditu PSEk EAEko Arbitratze Batzordeak harturiko erabakiari alegazioak aurkezteko. Izan ere, alderdi sozialistaren ekimenez onartu zen tramitera Eusko Legebiltzarrean Lurralde Historikoen Legearen erreforma proposamena. Azaroaren 12ko osoko bilkuran lege egitasmoa tramiterako onartzea babestu zuten EAJk, EH Bilduk eta UPDk.
Baina hiru diputazioek helegiteak jarri dituzte —Gipuzkoakoak gaur iragarri du jarriko duela—. Bizkaiko Foru Aldundia izan zen helegitea jartzen lehena iragan abenduaren lehenean. Bizkaiko Foru Aldundiak eskumenei buruzko aferagatik jarrri zuen helegitea. Hain zuzen, haren eskaera tramitera onartzea erabaki du EAEko Arbitratze Batzordeak, eta horrenbestez, bertan behera geldituko da lege egitasmoaren tramitazioa.
Hiru erakundeetan agintean dagoen EAJ alderdiak zehaztu du lege egitasmoa ez datorrela bat Gernikako Estatutuak jasotzen dituen instituzioen arteko eskumen banaketarekin. Hala ere, ukatu egin du helegite horiek zalantzan jartzen dutenik PSErekin duten gobernu ituna.
Herrialdeen arteko oreka lortu eta legebiltzarrak harmonizazio fiskala bermatzeko eskumenak izatea nahi du PSEk Lurralde Historikoen Legearen erreformarekin.