Nafarroako Gobernuko bi erakundek, aholkularitza batzorde batek eta teknikari batzuen artean landutako Etengabeko Arreta eta Larrialdietako erreforma proposamenean, Nafarroako etengabeko lau gune ixtea jaso dute: Villatuerta, Erriberri, Andosilla eta Peralta. Horrez gain, Iruñerrian larrialdietako zerbitzua eskaintzen duten beste hiru zentro itxiko lituzkete: Burlata, Ermitagaña eta Errotxapea. Hartara, San Martinera eta Buztintxurira bideratuko lituzkete larrialdiak.
Proposamenaren arabera, eredu mixto bat eta konzentrazio eremu bat egongo lirateke, eta bide batez Nafarroako Larrialdietako Zerbitzu berria sortuko lukete.
Aurreko erreformak kontrako iritzi ugari sorrarazi zituen. Sektoreko profesionalek, udalek, zientzia elkarteek, sindikatuek eta oposizioko alderdi politikoek Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuak proposatutako dekretuaren aurka jo zuten. Nafarroako Parlamentuan, oposizioak aho batez Osasun departamentuak landutako dekretuaren aurka bozkatu zuten, otsailean. Nafarroako Parlamentuak onartu zuen Osasun departamentuak azterketa bat egin behar zuela landa guneetako osasun beharrak zein ziren ikusteko, osasun arloko profesionalekin eta gizarte taldeekin elkarlanean.