«Bizi dugun krisi garai honetan, ezinbestekoa bihurtu da gure ezagutzak etengabe berrituz joatea». UEU Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari Karmele Artetxek atzo Eibarren (Gipuzkoa) egindako agerraldian argi utzi nahi izan zuen etengabeko prestakuntzaren garrantzia, eta udaberri honetarako prestatu duten ikastaro eskaintza, hain justu, beren ezagutzak osatu nahi dituzten aditu eta profesionalen beharrak asetzeko egokia izango dela nabarmendu du. Zortzi ikastaro izango dira denera. Honako hauexek: Moodle 2.0ren oinarrizko erabilera, Interneten baliabideak erabiltzen ikasi, Argazkigintza dokumentala, Coaching pertsonala, Estres psikofisikoa nola gainditu, Haurtzaroa, oinarri sendoekin, Portaera arazoak kudeatzeko teknikak eta Basoaren sekretuak ikertuz.
Ikastaro laburrak izango dira, 8-21 ordukoak. Aste barruan izango dira zenbait ikastaro, arratsaldeko ordutegian, eta larunbatetan ere eskainiko dituzte beste zenbait. Bi ikastaro, on line izango dira. Matrikula prezio bereziak prestatu dituzte ikasleengan, langabeengan eta erretiratuengan pentsatuz.
Orain bost urte ekin zion UEUk ikastaro horiek antolatzeari, gizartearen premiak eta euskarazko formazioa ardatz. Urtez urte eskaintza akademiko zabalagoa atonduz joan dira, eta ikasleen parte-hartzeak ere gora egin du.Eskaintzari atxikitzen zaizkion ikasleen soslaiarekin aski pozik dira antolatzaileak, lan munduan txertatutako profesionalak erakartzen baitituzte sarri askotan. Gehienak 30 urtetik gorakoak dira, andrazkoak eta unibertsitatean ikasketak egindakoak.
Eibarko Udalari esker onez
Karmele Artetxek atzoko agerraldia baliatu nahi izan zuen Eibarko Udalari esker ona adierazteko. «Duela hilabete gutxi Markeskoa eraikina erabiltzeko hitzarmena beste bost urtez luzatzea erabaki du, eta horrek poz handia eman digu, garai gogor hauetan gure proiektuarekin ilusioz aurrera jarraitzeko aukera eman baitigu».
Etengabeko prestakuntza xede, UEUk zortzi ikastaro aurkeztu ditu
Internet, argazkigintza, garapen pertsonala, hezkuntza eta basoak hautatu dituzte gaitzat; bi ikastaro, 'on line'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu