Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde berriak hitz eman du bere ardurapean sailean ez dela aldaketarik izango, eta aurreko arduradunaren garaiko politika berarekin jarraituko dutela. "Ez da etenik egongo", esan du gaur Auzmendik Andoainen, Rikardo Arregi euskarazko kazetaritzako 22. sariaren aurkezpenean -maiatzaren 15era arteko epea dago lanak aurkezteko-.
Esaterako, euskarazko hedabideen alorrean diru laguntzak ez dituztela jaitsiko adierazi du. "2010eko aurrekontuetarako egin genuen laguntza horietan mozketarik ez egoteko ahalegin berezia", esan du eta, krisi ekonomiko garaia izan arren, aurrerantzean ere horretan segitu nahi dutela. Euskarazko komunikabideek "irauteko gutxi behar dute", haren ustez, "baina gutxi behar dute erortzeko, eta asko daude ataka zailean".
Martxoaren 30ean izendatu zuen Jaurlaritzak Hizkuntza Politikarako sailburuorde, Ramon Etxezarretaren partez, honek bere kabuz kargua utzi ondoren. Iazko ekainetik sailburuordetzako Sustapeneko zuzendaria zen orduan Auzmendiri (Ataun, 1956).
Etxezarretak hamar hilabete eskas egin zituen postuan, eta "deseroso" zegoela aitortu zuen. Hala ere, ukatu egin zuen lan taldearekin desadostasunak izan zituenik.
Auzmendik gaur Andoainen aurreko legealdiko sailburuordea izan du ondoan mahaian: Patxi Baztarrika. Andoaingo udal euskara teknikaria eta Rikardo Arregi sarietako idazkaria da egun Baztarrika. Estanis Amutxastegi alkateak (PSE-EE) eta hirurek eman dute prentsaurrekoa.
euskara
"Etenik ez da egongo"
Lourdes Auzmendi Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde berriak dio Ramon Etxezarretaren garaiko egitasmo berarekin segituko dutela. Euskarazko hedabideen diru laguntzak ez dituzte jaitsiko, haren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu