Etenik gabeko soka luzea

Ainhoa Sarasola.
2005eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ez da samurra 2004. urteak utzitako arrastoa, errepresioari dagokionez, bederen. Urtearen balantzea egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, berriari helarazitako txostenean. PSOE Gobernura iristeak euskal auziari dagokionean ez du aldaketa handirik ekarri AAMren ustez. Horren lekuko, iazko urtea inoizko preso kopuru handienarekin amaitzea aipatzen du, besteak beste. «Gatazka politikoa bizi dugu. Estatuen aldetiko gerra apustuaren datuak dituzue hemen», dio lanak. Atalka, datu bilketa eta AAMren azterketa jasotzen du:

-HILDAKOAK: Iazko martxoaren 11ko gertakarien harira, Espainiako polizia batek tiroz hildako Angel Berrueta eta Hernanin Ertzaintzaren oldarraldiaren ostean manifestazio batean hildako Kontxi Santxizen kasuak jasotzen ditu lanak. Fleury Merogiseko espetxean hildako Oihane Errazkin preso donostiarra eta, osasun arazo larriekin aske utzitako Kepa Miner preso ohi hernaniarraren heriotza ere aipatzen dira, jaioterritik at hildakoArantxa Otamendi iheslariaren kasua bezala. Presoen senideen artean, bere seme Ekain Gerra bisitatzera zihoala hildako Karmele Solaguren eta, halako istripu baten ondorioetatik osatzea lortu ez, eta iaz hildako Leo Esteban aipatzen dira, halaber.

-ATXILOKETAK: Polizia sarekada ugari izan ziren iaz; orotara 172 atxiloketa izan ziren. Preso hartutako lagunen %97ri inkomunikazioa ezarri zitzaien: 84 kartzelatu egin zituzten eta 51 aske utzi. «ETAren kaptazio zerrendaren aitzakian» eginiko sarekadak eta, Frantziak eta Espainiak aurrera eramandako elkarlana nabarmentzen ditu txostenak.

-TORTURAK: Iaz atxilotutako 57 lagunek torturak salatu zituzten, TATen datuen arabera. Salaketek duten «ibilbide laburra» txarretsi du AAMk; baita epaile, agintari politiko eta komunikabideek gaiaren inguruan izandako jarrera ere. TATek inkomunikazioarekin amaitzeko 50.000 sinadura biltzea eta nazioarteko erakundeek Espainiari buruz kaleratutako txostenak aipatzen dira ere. Torturak salatu zituzten Amaia Urizar eta Igor Astibiaren testigantzak jasotzen dira.

-PRESO eta senideAK: Iazko urtea inoizko preso kopuru handienarekin Ð714Ð amaitu izana, «oso adierazgarritzat» du AAMk bi estatuen jarrera aztertzeko. Preso eta senideentzat «urterik gogorrenetakoa» izan zen iazkoa. Espainian eta Frantzian espetxe politikak bere horretan jarraitzen du. Horren lekuko dira gaixotasun sendaezinekin kartzelan dituzten Bautista Barandalla, Jon Agirre eta beste hainbat presoren egoerak. Manu Azkarate eta Iñaki de Juanarekin gertatuak ere jasotzen dira.

Sakabanaketari dagokionez,Espainiaren menpeko espetxeetan presoak Euskal Herritik 609 kilometrora zituzten iaz, bataz beste; Frantziakoetan, 797 kilometrora (11 bakarrik zeuden Euskal Herriko espetxeetan). Presoen isolamendua ere areagotu egin zen, «presoen izaera politikoa estaltzeko» helburuarekin. Bisitetako murrizketa eta trabak ere ugariak izan ziren. Horiei buruz, agintari eta alderdien isiltasuna nagusitu dela salatzen du lanak.

-PENTSAMENDU ETA ANTOLATZE ESKUBIDEEN URRAKETAK: 18/98 eta antzerako auziei buruz atal bereizia jasotzen du. Izan ere, auzion helburua Euskal Herriakbere etorkizuna erabakitzeko duen eskubideari eraso egitea dela aipatu, eta prozesu politikotzat jotzen ditu. PSOErekin auziok jarraipena izan dutela salatu du. «Frankismoarentzat Burgosko prozesua izan zena da 18/98 oldarraldia, Espainiako erreforma eta autonomien estatuarentzat». Batasunaren aurkako prozesuak aurrera egitea eta Herritarren Zerrenda baliogabetzea aipatzen dira. Frantziak auziotan euroagindua aplikatu izana, eta Egunkariako Kontseilari ordezkari Iñaki Uriari ezarritako bermea ere salatzen ditu AAMk.

-ESPAINIAKO ARMADA eta poliziak EUSKAL HERRIAN: «Biztanleen eta ordezkarien iritzi eta baimenen kontra», Espainiako Armadak iaz maniobra ugari egin zituela jasotzen du txostenak. Guardia Zibilak Sakana eta Leitza, besteak beste, «militarki okupatu» zituela ere aipatzen da. Iparraldean egon daitezkeenak kontuan izan gabe, Euskal Herrian 14.000 polizia daudela dio lanak Ð190 biztanleko batÐ, ertzainak, foruzainak, Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko kideak batuta. «Terrorismoa amaitzearen aitzakiapean Euskal Herria Europako laborategi poliziala bihurtu dute Espainiaketa Frantziak», ondorioztatzen du lanak. Poliziak protagonista izan diren hainbat gertaera «parapolizial» ere jasotzen ditu txostenak.

-auzitegi eta lege bereziak: Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala, Perben Legea eta euroagindua gogor salatzen ditu AAMk.

-

PSOE-REN GOBERNUA



 

Errepresioak ez du etenik izan sozialistekin





PSOEk Madrileko gobernuan eginiko bederatzi hiletako errepresioaren emaitzak jaso ditu AAMk lanean. PSOEk, boterera iristearekin batera, «PPren neurri errepresibo guztiak onartu» zituela dio; PP-PSOE Itunak indarrean egotea jo du horren lekuko.

Euskal presoei buruz, martxoaren 11ren osteko gertakariak, euskaraz ikasteko eskubidea ukatzea, senideek izandako istripuak eta Iñaki de Juanaren kasua aipatzen ditu. Azken urtean sarekada ugari eta tortura testigantza izugarri gogorrak plazaratu direla eta horiek, komunikabide eta epaileen babesaz gertatzen direla salatzen da. Horien parean, Guardia Zibileko jeneral ohi Enrique Rodriguez Galindo aske utzi izana aipatzen du. AAMk legez kanporatze eta «apartheid politikarekin» jarraitzea egotzi dio PSOEri. Ildo berean, 18/98 auzian fiskaltzaren zigor eskaerak eta auziotan aurrera egitea salatzen ditu. Euskal Herriak salbuespen egoera bizi duela iritzita, kalera ateratzera dei egiten du AAMk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.