Manuel Valls Frantziako Barne ministroak eman du berria gaur: epe jakinik gabe atzeratuko dute autoan etilometroa eramatera behartzen zuen arauari buruzko erabakia. Zirkulazio istripuen berri ematen ari zela jakinarazi du.
Frantziako Gobernuak Nicolas Sarkozyren agintaldian erabaki zuen auto gidari guztiak behartzea beren ibilgailuetan etilometroak erabiltzera. Iazko uztailaren 1ean sartu zen indarrean neurria; Frantzian ez ezik, Ipar Euskal Herriko errepideetan ibiliko ziren auto guztiei ere eragingo zien. Azarotik aurrera, berriz, autoan etilometrorik gabe zebiltzan auto gidariak isunekin zigortzen hastekoak ziren.
Baina Vallsek atzeratu egin zuen arau hori indarrean sartzea, iazko azaroan bertan. Erabaki zuen aurtengo martxora arte luzatzea isunak ezartzen hasteko epe hori. Gainera, neurriaren eraginkortasunaz eztabaidatzeko ahozko prozedura bat abiatu eta batzorde bat sortuko zuela iragarri zuen.
Gaur adierazi du "eguna jarri gabe" atzeratuko duela arau hori indarrean sartzea. Ez du epe jakinik eman eztabaidari buruz, eta bitartean ez da derrigorrezkoa izango, beraz, autoan etilometroa erabiltzea.